Kultura sustatzeko diru laguntzak emango ditu Kultur Etxeak
Laguntzak uztailaren 1etik irailaren 30era aurkeztu beharko dira Kultur Etxean.
Gernika-Lumoko Kultur Etxea Fundazioak uztailean irekiko du kultura jarduerak gauzatzeko elkarteentzako 2020ko diru-laguntzen ohiko deialdia.
Laguntzak kultura sustatzearekin lotutako ekimenetan aritzen diren irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeei zuzenduta egongo dira. Kaguntzak jasotzeko proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuko dute, baita jardueraren originaltasuna ere. Aukera eta hezkuntza errentagarritasuna eta genero berdintasunean proiektuek izan dezaketen eragina ere aztertu eta baloratuko dute.
Jokin Garatea Gernika-Lumoko kultura zinegotziak zehaztu duenez, diru laguntza horiek herriko kultur sarea babestera eta sektorea bizirik mantentzera bideratuta daude, “kalitatezko eta intereseko programak eta jarduerak babesten dituztelako”.
Diru laguntzak eskatzeko epea uztailaren 1etik irailaren 30era artekoa izango da, azken eguneko 14:00ak bitartean. Eskaera orriak Gernika-Lumoko Udalaren webgunean (www.gernika-lumo.net) deskargatu daiteke, eta hori bete ostean, interesatuek Kultur Etxean aurkeztu beharko dute, “laguntzaren xede den jarduera edo proiektuaren azalpen edota memoriagaz batera”.