'Txori Gorri' atunontziko arrantzale bat hil da Indiako Ozeanoan
Bermeoko Inpesca enpresaren atunontzian gertatu da ezbeharra. Gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egingo dute eguaztenean, 12:00etan, Inpesca enpresaren aurrean.
Bermeoko Inpesca enpresaren Txori Gorri atunontziko arrantzale bat hil da Indiako Ozeanoan, eta beste bat larri zauritu da; atzo gertatu zen lan istripua. Ezbeharra gertatu denean, itsaso zakarra zegoen leku batean ari ziren arrantzan.
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, hil den arrantzaleak 27 urte zituen. “Sindikatutik irmoki salatu gura dugu ezbeharra eta familiari eta lankideei besarkada eta babesa adierazi gura diegu”, esan dute ohar batean.
Gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du eguaztenerako, azken lan istripua salatzeko; 12:00etan jarri dute ordua Inpresca enpresaren aurrean (Txibitxiaga kalea, 26).
Laneko istripuetan hildako langileen “zerrenda iluna handitzen” doala diote sindikatuko arduradunek: “Sarraskiak ez dauka etenik. 2020an, gutxienez, 36 langile hil dira, eta Zaldibarko zabortegian bi langilek desagertuta jarraitzen dute otsailaren 6az geroztik”.
“Arrantza sektorean ematen diren eskubide urraketek, hitzarmen duinen falta, segurtasun neurrien eza, etenik gabeko jardunaldiak eta arrantza beraren lan neurri gogor eta arautu gabeak dira heriotza hauen errudunak. Ez hori bakarrik, bertoko enpresak dira hango itsasoak ustiatzen dabiltzanak hemengo agintarien laguntzagaz. Jakina da atunontzi eta altura handiko on- tziteria kudeatzen duten enpresenganako Eusko Jaurlaritzaren apustu neurrigabea. Garbi ikusi da hori beste arrantza motei emandako diru laguntza eta babesean, batez ere baxurakoei”, dio LAB sindikatuak. Gaineratu dutenez, baxurako arrantza «ia desagertuak» ez dauka «ez lan hitzarmenik ezta nomina ziztrin bat ere“.
Eusko Jaurlaritzaren arrantza politikek beste herrietako itsasoak “piratetzea baino” ez dute helburu, sindikatu abertzalearen esanetan: “bertako herritarrak kontratatzen dituzte, baldintza prekarioetan lan egiten dute eta lanean bizia galtzen dute. Sasoi bateko sistema kolonialak erabiltzen dituzten enpresei diru publikoz lagunduz, eta gainera, baldintzarik gabeko laguntza eskainiz. Hauek ere badira itsasoan gertatzen diren arrantzaleen istripuen errudun”.
Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzari hurrengoa exijitzen diote: “Hemengo eta hango arrantzaleak zaintzea, behar diren segurtasun neurriak betetzea exijituz eta behar diren laguntza ekonomiko eta instituzionalak eskainita, ez enpresei bakarrik, baizik eta arrantzaleei ere”.