Hauteslekuan distantziak gordeko direla ziurtatzeko boluntarioak behar dituzte Ajangizen
Boluntarioen eginkizuna izango da osasun jarraibideak bermatzen direla ziurtatzea eta hautesleei orientazioa eta informazioa ematea. Boluntario bezela izena emateko azken eguna astelehena da (ekainak 22).
Uztailaren 12an Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak ospatuko dira, eta ohi legez, Kultur Etxeko hauteslekuan emango dute botoa ajangiztarrek. Hori horrela, hautesleku barruan jende pilaketak eragozteko eta distantziak gordeko direla ziurtatzeko boluntarioak behar dituzte.
Boluntarioen eginkizuna izango da osasun jarraibideak bermatzen direla ziurtatzea eta hautesleei orientazioa eta informazioa ematea. Kultur Etxearen barruan pertsona bakarra egongo dela ziurtatuko dute, eta 65 urtetik gorako pertsonak edota haurdun dauden emakumeak lehenetsiko dituzte. Lurrean seinaleak edo zintak jarriko dituzte, “ilarak ekiditeko”, eta sarrera eta irteeran gel hidroalkoholikoa erabilgarri egotea bermatuko dute.
Gogoratu dute hautesleek maskarak eraman beharko dituztela hauteslekura sartu ahal izateko, eta irteeran zabor-poltsa bereziak jarriko dituztela ere jakinarazi dute, “eskularru eta maskarak botatzeko”.
Neurri horiek kontrolatzeko udalak bi boluntario behar ditu, adinez nagusiak. Jardunaldia 08:00etatik 20:00etara izango da, eta langile bien artean ordutegi banaketa egingo dute; ordainsaria 300 eurokoa izatea aurrikusi dute, langile bakoitzarentzat 150 euro.
Izena emateko azken eguna astelehena da, egun hori barne. Boluntario izan gura duenak udaletxeko 94 625 19 13 telefono zenbakira deitu beharko du 08:30etik 14:30era bitartean. Interesdunak aurkeztutako bi plazak baino gehiago izanez gero, zozketa bidez egingo dute hautaketa.