Dispertsio politika salatuko du Gernika-Lumoko Sarek barikuan
Giza katea egingo dute, eta 19:30ean Foruen plazan jarri dute hitzordua.
Dispertsio politikagaz bukatzeko eskatuko du Gernika-Lumoko Sarek barikurako antolatu duen giza katean. 19:30ean jarri dute hitzordua Foruen plazan eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
Loratxu bat etxerako bidean ekimena egingo dute, Izan Bidea izeneko dinamika herritarraren baitan. Proposamen horregaz, euskal presoen etxerako bidea saretzen jarraitu gura dute, aktibazio soziala bilatuz eta beste hainbat ekimen sozial, politiko eta instituzional ezberdinekin konektatuz.
Hainbat urtez mantentzen den dispertsio politikak euskal presoen eta haien senideen giza eskubideak sistematikoki urratzen dituela ere gogoraraziko dute, eta osasun krisiak presoen eskubide urraketa horiek “areagotu” egin dituela eta bizi duten egoera “are muturragokoa” dela esango dute.
Horregaz batera, presoek eta senideek dagozkien bisitak berreskuratzeko eskatuko dute.