Astei ingurua eta erreka atonduko dute
Hilaren 6an Undabason egindako lana modu positiboan baloratu du Lurgaiak; landeketekin hasi aurretik egin beharreko lan handia dagoela-eta, ekainaren 27an Astei inguruan lan egitera gonbidatu ditu boluntarioak.
“Primeran” joan zen ekainaren 6an Muxikako Undabason egin zuten lana. Lurgaia Fundazioa pozik da jardunaldiak eman zuenarekin: “jende guztia oso arduratsua izan zela eta oso ondo pasatu genuela ikusita, errepikatu egingo dugu”.
Ekainaren 27rako ipini dute hitzordua eta, oraingoan, Astei inguruan, erreka zati bat apaindu eta garbiketa lanak egingo dituzte. Espezie exotikoetako zuhaitz-ale batzuk dauden eremua dela azaldu dute –zipresak, haritz amerikarrak edo platanoak–, eta zuhaitz horiek espezie autoktonoekin ordezkatzea erabaki dutela.
Landaketen denboraldia hasi arte, baina, lan handia dute egiteko, eta boluntarioen lankidetza ezinbestekoa dutela esan du Lurgaia Fundazioak.
Ikasi eta irakatsi. Inguruko lanen garapenari begiratu bat emateko aprobetxatuko dute ekainaren 27ko jarduera eta, nola ez, proiektuaren xehetasunak azaltzeko zien parte hartzaileen galderei erantzuteko tartea ere hartuko dute. Era berean, zuhaitzen eraztunketaren teknika zertan datzan eta zertarako balio duen ere azalduko dute. Lurgaiak azaldu duenez, horretan datza BBK Fundazioaren laguntzari esker aurrera eramaten duten BBKbasoa proiektua: “ekintza eta dibulgazioa”.
18 urtetik gorakoek parte hartui dezakete jardueran, eta izena emateko azken eguna ekainaren 25a izango da, 13:00ak arte. info@lurgaia.org helbidean eman behar da izena, eta sarrera-ordena errespetatuko da. Izena, abizena, adina, udalerria ete telefonorako kontaktoa adierazi beharko dira izena ematerakoan. Astei jatetxearen aparkalekuan batuko dira, 09:00etan.
Lurgaiak eskatu du arduraz jokatzeko, eta ohartarazi du maskara erabiltzea eta distantzia mantentzea derrigorrezkoa izango dela jardueran parte hartzeko. Gainera, jakinarazi du osasun neurriak betetzeko protokoloak beteko dituztela.