Larrialdietarako eskailera jartzen dabiltza Araneko kiroldegian
Udalak udarako prest eduki gura zuen larrialdietarako eskailera, baina COVID-19ak sortutako egoeragatik ezinezkoa izan da aipatu helburua lortzea. Lanak hiru hilabetean amaitzea aurreikusten dute.
Larrialdietarako eskailera jartzeko lanak hasi dira Bermeoko Araneko kiroldegian. Kiroldegiak “aspalditik behar zuen egitura” dela diote Bermeoko Udaletik, “gaur egun ez baitzen herritar eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzen”.
Lanak hiru hilabetean amaitzea aurreikusten dute, eta guztira, 151.250 euroko inbertsioa (BEZ barne) egingo dute.
Jakinarazi dutenez, udalak segurtasun neurriak betetzen ez direla ziurtatzen duen txostena zuen aspalditik: “Hortaz, bertan gertatu daitekeenaren erantzukizuna Bermeoko Udalarena da”. Hori kontutan izanik, lan horiek egitea “lehentasunetako bat” zen udal gobernuarentzat.
Udalak udarako prest eduki gura zuen larrialdietarako eskailera, baina COVID-19ak sortutako egoeragatik ezinezkoa izan da aipatu helburua lortzea. Hala ere, “egoerak ahalbidetu duenean, lanak esleitu eta hasi” direla diote.
Kiroldegiko bigarren eta hirugarren solairuetako ebakuazio sistema hobetu gura dute larrialdietarako eskailera berriagaz. Amaitzerakoan, hortaz, 100 pertsonatik gorako ekitaldiak egiten direnean, “legea beteko duen larrialdiko ebakuaziorako irteera egongo da eta herritar eta erabiltzaileen segurtasuna bermatuta geratuko da”.