Dultzaina eta txistu soinuekin, Gorpuzti jaiak gogoan
Gorpuztiak dira Ibarrangeluko jai nagusiak, eta aurten horiek bertan behera geratu badira ere, dultzaina eta txistu hotsak entzun dira herriguneko kaleetan.
Osasun krisirik ezean, aurreko asteburuan eta oraingoan egingo zituzten ospakizun ekitaldiak. Ezinezkoa izan da horiek egitea, baina herriko hainbat musikarik euren borondatez urteroko errondak egitea erabaki dute: “Aspaldi ikusi genuen ezingo genuela ezer egin. Jairik ez dugu eduki, baina herriko dultzainero eta txistulariek egunero kalejiran ateratzea erabaki zuten, eta giro polita sortu zuten”. Segurtasun neurriak errespetatuz, eguen goizean, bariku iluntzean eta zapatu eguerdian irten ziren dultzaineroak, eta domeka eguerdian, berriz, txistulariak.
Momentuz ez dute erabaki herriko beste jaiekin zer gertatuko den, baina, esaterako, San Juan bezperako sua eta txokolate jana aurten ez egitea erabaki dute: “Oraindik ez dakigu, baina seguruenik Ibarrangeluko auzo guztietan ez da jairik egingo”.