Barikuan alarma egoera altxatzeko prest dago Urkullu
Eusko Jaurlaritzak eguen goizean [ekainak 18] aztertuko du Osasun Sailak egindako txosten epidemiologiko bat, eta, itxura guztien arabera, "gauzak okertu ezik", "normaltasun berrira" pasatzea eskatuko du. Bi presidenteek agerraldia egingo dute eguenean, "herritarrak askatasun berri hori erabiltzera animatzeko".
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa eta Kantabria arteko mugikortasuna posible izango da eguen eta bariku arteko gauerditik [ekainak 18-19] aurrera. Iñigo Urkullu eta Miguel Angel Revilla bi erkidegoetako presidenteek horrela adostu dute. Basurtuko eta Txagorritxuko ospitaleetan atzemandako fokuak “kontrolatuta” daudela iritzita, eragozpenik ez dagoela azaldu du Urkulluk. Erabaki horrek, Pedro Sanchezek ezarritako alarma egoera kentzea ere ekarriko du. Dena dela, hiru lurraldeetako herritarrak Kantabriara baino ezingo dira joan, gainerako mugak ezingo baitira zeharkatu; ekainaren 21etik aurrera bidaiatu ahalko da Espainiako estatu osoan.
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du “prest” dagoela 3. fasea eta alarma egoera kentzeko. Hala ere, erabakia oraindik hartu barik dagoela azaldu du. Eusko Jaurlaritzak eguen goizean [ekainak 18] aztertuko du Osasun Sailak egindako txosten epidemiologiko bat, eta, itxura guztien arabera, “gauzak okertu ezik”, “normaltasun berrira” pasatzea eskatuko du. “Atzo egoera aztertu genuen, eta Nekane Murga Osasun sailburuak esan berri duen moduan, ikuspuntu epidemiologikotik bilakaera ona da”, azpimarratu du Lehendakariak gaurko [ekainak 16] Gobernu Bileraren ondoren egindako agerraldian.
Alarma egoera amaitzen denetik aurrera autonomia erkidegoan ezarri behar diren neurri guztien erregulazioa ere prestatuko dute, eta sail guztiak horretan lanean ari dira mugakide diren autonomia erkidegoekin mugikortasuna egon dadin, Kantabriakoa esate baterako.
Revillak atzo [ekainak 15] esan zuenez, eguenean [ekainak 18] ekitaldi bateratu bat egin nahi du, herritarrak askatasun berri hori erabiltzera animatzeko, eta Lehendakaria ere ekitaldirako prest agertu da gaur; normaltasun irudi hori ematea ondo legokeela adierazi du.