Urdaibaiko aberastasun ekologikoa ardatz izango duen ikastaroa egingo dute
Ikastaroa formatu digitalean egingo da ekainaren 25ean eta 26an, eta izen-emateak zabalik dago dagoeneko.
Urdaibaiko biosferaren erreserban klima-irtenbideak sortuz ikastaroa antolatu dute ekainaren 25 eta 26rako Bermeo Tuna World Capital Elkarteak eta Urdaibaiko Patronatuak elkarlanean. Bermeoko Udalaren eta Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren babesa du. Ikastaroa formatu digitalean izango da, eta parte hartzeko izen-ematea zabalik dago.
Ikastaroaren helburua da klima-aldaketaren problematika eta haren ondorioak ezagutaraztea, baita ere hainbat organismo eta erakundek Urdaibaiko erreserbarako konponbideak bilatzeko garatutako lana bideratzea ere.
Ikastaroaren lehen egunean, hitzaldi zientifikoak eskainiko dituzte, eta gaian adituak direnak parte hartuko dutela aurreratu dute; horiek hainbat ikuspegi landuko dituzte.
Bigarren egunean, berriz, erakundeek, ekintzaileek, GKEek eta gizarte-proiektuek diseinatutako irtenbideak aurkeztuko dituzte, “Urdaibain ideia berriak sortzeko eta praktikan jartzeko”. Saioa amaitzeko, talde dinamikak bultzatuko dituzte, eskualdearen arazo klimatikoei eta lokalei erantzuna emateko asmoz.
18 urtetik gorakoentzat. Izen-emateko aukera zabalik dago, eta EHUren udako ikastaroen web orriaren bidez egin daiteke. Hori egiteko azken eguna ekainaren 21a da. Ikastarora bertaratzeko baldintza bat, gainera, 18 urtetik gorakoa izatea da, eta parte hartzaileak ikasleak izanez gero %15eko hobaria izango dutela jakinarazi dute.
Erronka globala. Gaur egun, klima-aldaketaren ondorioak erronka handia dira, eta AZTI, EHU edo BC3 euskal erakunde eta instituzio akademikoetako zientzialari ezagunek irtenbide bila dihardute, haien kausak eta ondorioak aztertuz, ulertuz eta ikertuz.
“Klima-aldaketaren ondorioak arintzera bideratutako ezagutzak gizartean eragin positiboa izan dezan, beharrezkoa da ideia horiek ekintza eta proiektu publiko edo pribatuetan jasotzea, garapen jasangarriranzko aldaketa bizkortzeko, guztiontzako ongizate handiagoa ekarriko duen ekonomia sozial eta ingurumenekoarekin”, adierazi dute Bermeo Tuna World Capital elkarteko kideek.
Hala, irtenbide horiek errazteko eta bizkortzeko lan egin behar dela diote, politika publikoen eta ekintzailetzaren bidez: “Klima-aldaketa arazo globala da, eta tokiko esparrutik landu behar da”. Erakundearen helburuetako bat “klima krisiaren eta ozeanoen jasangarritasunaren aurrean informatzea, prestatzea eta kontzientzia sortzea” dela gaineratu dute.
Hala, beste ekosistema batzuetan ikusteko zailak diren espezieen bizileku diren padurak, mendeetan zehar “nortasun ukigabea” duten arrantza-herriak, edertasun handiko hondartzak, ermitak, haitzak, sokak eta begiratoki naturalak aztertuko dituzte ikastaroetan: “Urdaibaiko Biosfera Erreserba natura gune bakarra da, eta haren ondare ekologikoa klima-aldaketaren eragin negatibotik babestu behar da”. UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu zuen 1984an, aintzatespen hori duen Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ekosistema bakarra da, eta bilakaera klimatikoa eta ekologikoa hainbat ikuspegitatik aztertzeko eta iraunkortasuna sustatzeko aukera ematen duela diote.