Itziar Ariztimuñok Gernikan jarraituko du
Bilbotarrak bosgarren denboraldia beteko du talde gernikarrean, eta aurreko denboraldiko maila berdina mantentzen saiatuko direla esan du.
Fitxaketa eta kontratu berritzeen epea zabaldu da, eta Lointek Gernika Bizkaiak hurrengo denboraldiko lehen aurpegia ezagutzera eman du. Itziar Ariztimuño bilbotarrak bosgarren denboraldirako akordioa lortu du Gernika-Lumoko klubagaz: “Bilbotar gaztea etorkizun oparoko jokalaria izatetik Emakumezkoen Endesa Ligan bere lekua mantentzera heldu da. Saskibaloiko kantxa batean sartzen den bakoitzean norgehiagoka hankaz gora jartzen du”
Ariztimuñok egunez egun Mario Lopez entrenatzailearen konfiantza eskuratu, du jokaldiak gero eta hobeto irakurtzen, eta pixkanaka bere ibilbide profesional laburrean pausuak emanez. Bataz beste kantxan egon den 12:15 minutuetan 2,3 puntu, 1,2 errebote eta asistentzia bat eskuratu ditu. Bere jokoa zenbaki hutsetatik haratago doala azpimarratu du klubak: “Kantxaratzen den bakoitzean lehiari beste martxa bat jartzen dio, defentsan asko estutuz eta erasoan abiadura oso altuak jarriz, hau da, inork baino hobeto erakusten du Lointek Gernika Bizkaiaren jokamoldea”.
Jokalariak adierazi duenez, Lointek Gernika Bizkaian egunero hobetzen jarraitzeko eta bere dohaiak erakusteko beste aukera bat dauka. Iazko denboraldia zoragarria izan zela uste du, eta dioenez, zaila izango da maila berdina mantentzea, baina ez “ezinezkoa”.
Joko antolatzaileak bere bosgarren denboraldia osatuko du Emakumezkoen Endesa Ligan Bizkaian saskibaloira jokatzen duten umeen eredu bilakatuz: “Niretzako ohorea da neskatxoek erreferente moduan hartu izana, batez ere egunero entrenatzeko, hobetzeko eta lan egiteko ilusio hori mantendu dezaten, kirolean garrantzitsuena gozatea baita”.
Berritze honekin talde gernikarrak datorren denboraldiko “puzzleko bere lehen pieza” kokatu du. “Anbizio handiko” beste proiektu bat osatuta, iazko emaitza bikainak berdintzen saiatuko dira: “Emakumezkoen Endesa Ligako hirugarren postuak eta EuroCupeko sailkapen historikoak maila oso altua jarri du, baina ez dago ezinezkorik”.