Organo emate eta transplanteen jarduerak COVID-19aren pandemiaren aurreko erritmoa berreskuratu du
Pandemia garaian, presako eta lehentasunezko pazienteentzako arreta bermatu dute, eta, aldi berean, organo-emaileek hartzaileei infekziorik ez transmititzeko neurriak hartu dituzte.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoan organo emate eta transplanteen jarduerak ohiko erritmoari heldu dio berriro, koronabirusak eragindako salbuespenezko egoeraren ondoren. Bitartean, presako eta lehentasunezko egoeran zeuden pazienteekiko arreta bermatu dute.
Hala egiaztatu du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuak. Atzo Organo Emaileen Eguna izan zen, eta euskal herritarrei dei egin zien organo emateen bidez bizitzak salbatzen laguntzen jarraitzeko.
Osakidetzako programek pandemiak eragindako egoeretara egokitu behar izan dute. Horretarako, emaile izateko hautagaietan eta hartzaile izateko hautagaietan COVID-19 kasu posibleak aztertzeko eta baztertzeko neurriak hartu dituzte: “Hartzaile izan daitezkeenei infekzioa ez transmititzea lortu nahi izan da”.
Hala, martxoaren 15etik maiatzaren 15era 17 transplante egiteko bide eman zuten 6 organo-emate izan ziren Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan; guztiak presako edo lehentasunezko pazienteetan. Pandemiaren inpaktua agerikoa dela esan zuen sailburuak, datuak iazkoekin alderatuz “nabarmen gutxiago” baitira: “Iaz, aldi berean, 26 emaileri esker eginiko 55 transplante egin ziren”.
Hala ere, organo emateen eta transplanteen jarduera “pixkanaka” berreskuratzen doala zehaztu dute, maiatzaren 15etik gaur arte, 5 emate gehiago erregistratu dira. Horiei esker, beste 17 transplante egin ahal izan dira. Era berean, aste honetan, organo emaile biziaren giltzurruneko transplanteprogramari berriz ekitea aurreikusi dute.
Nekane Murgak euskal gizartearen elkartasuna nabarmendu du, “elkartasun horri esker Euskadi organo emateen abangoardian dagoelako”. Euskadiko tasa milioi bat biztanleko 60 emailetik gorakoa da eta izan da azken bost urteotan, eta 2.600 transplante baino gehiago egin dira azken hamarkadan.
Osasun sailburuak dio lorpen horiek emaileen familien eskuzabaltasunari esker, emate eta transplanteen prozesuan inplikatuta dauden profesional guztien lanari esker eta elkarteek duten funtsezko eginkizunari esker izan direla.