Parte hartzaileen kopuru "oso mugatuagaz" hasiko dira, 15 pertsonako taldea sortuko baitute zapaturako.
Undabasoko jardunaldiei berriz ekitea erabaki dute Lurgaia Fundaziokoek, eta zapaturako jarri dute hitzordua. 09:00etan batuko dira Ibarruriko Andra Mari Elizako aparkalekuan.
Parte hartzaileen kopuru “oso mugatuagaz” hasiko dira, 15 pertsonako taldea sortuko baitute zapaturako. Landaketan parte hartu gura duten herritarrek aurretiaz izena eman beharko dute, eta eguena da hori egiteko azken eguna; 13:00ak baino lehen izena eman beharko da. Ibarruriko Undabason egon gura dutenek, info@lurgaia.org helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute. Izena ematerakoan parte hartzaileek euren izen-abizen eta adina zehaztu beharko dute, baita jatorrizko udalerria eta mugikor zenbakia ere.
Landaketa denboraldia itxi gabe geratu zen koronabirusaren ondorioz, baina Lurgaia Fundaziokoek lanean jarraitu dute, “ahalegin handuz eta boluntarioen laguntza estimagarririk barik”. Hala, egiteke geratu zen lana bukatu zutela eta Undabaso baso bihurtzeko asmoz jarraitzen dutela adierazi dute. Aurrerapenak horiek ikusiko dituzte asteburuan, eta espezie exotiko inbaditzaileen kontrola egingo dute. Izan ere, espezie horiek asko hazi direla zehaztu dute.
“Gure helburua Urdaibaiko Biosfera Erreserbako harizti mistorik handiena sortzea da”, adierazi dute, eta joan den denboraldian 9.318 zuhaitz eta zihaixka gehiago landatu zituztela gogorarazi dute: “Baso honen parte zareten guztiok basoa ikustera etortzea gustatuko litzaiguke. Baina oso pixkanaka eta kontu handiz izan beharko da”.
Baldintza zorrotzak. Bueltako baldintzak, baina, “oso zehatzak eta zorrotzak” izango dira, eta erantzukizunez jokatu behar dela azpimarratu dute.
Zapatuko jardunaldira 18 urtetik gorakoak bakarrik gerturatu ahal izango dira, eta izen-emate edota talde bakoitzeko bi pertsona baino ez dituztela onartuko adierazi dute. Nahitaezkoa izango da maskarak eramatea, “gutxieneko distantzia mantendu ahal denean izan ezik”. Ardutatsuak izateko deia egin dute: “Beroa egin dezake, eta maskara traba handia izango da, baina guztion onerako da”. Eskularruak eramatea ez dela beharrezkoa aipatu dute arduradunek, eurek banatuko baitituzte. Horrez gain, eskularruak jarri aurretik eta ondoren gel hidroalkoholikoa banatuko dute.
Oraingoan ere, Lurgaia Fundazioa arduratuko da materiala eramateaz. Oraingoan, baina, lanaldian zehar ez partekatzeko deia egin dute. Halaber, parte hartzaileei arropa erosoagaz joateko deia egin diete: “Zikindu daitekeen arropa, txubaskeroa eta mendiko edo ur botak eraman”. Gainera, kantinplora eta goiz erdian zerbait jateko otordua eramatearen gomendioa ere egin diete.