Euskal Herrian ibiltzea baimentzeko eskatu du Eusko Jaurlaritzak
Iñigo Urkullu lehendakariak libre ibiltzeko aukera hori euroeskualdera zabaltzea eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Akitania Berriko biztanleak batetik bestera igaro ahal izatea.
Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluaren ohiko bilera egin du Gallartan, eta hirugarren fasera pasatzeko atzo Espainiako Gobernuari egindako eskarian jasotako proposamenak azaldu dituzte. Bertan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du, Euskal Herri osoan ibiltzea baimentzeko eskaria egingo dietela Frantziako eta Espainiako Gobernuei.
Espainiako Gobernuko behin betiko baldintzak ezagutu bitartean, Jaurlaritzak bere proposamenak kaleratu ditu, “Bizkai, Araba eta Gipuzkoako errealitatea eta lurraldeko berezitasunak hurbilagotik ezagutzen dituelako”. Arantza Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuak esan duenez, hirugarren fasera igaroz gero, librea izango da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan batetik bestera ibiltzea, edozein arrazoi dela tarteko. Autonomia erkidego ezberdinetako mugakide diren lurraldeen eta probintzien arteko mugikortasuna baimentzeko eskaera ere egin dute, betiere lurralde horiek deseskaladako fase berean badaude.
Halaber, Tapiak jakinarazi du, Iñigo Urkullu lehendakariak libre ibiltzeko aukera hori euroeskualdera zabaltzea eskatu diela Espainiako eta Frantziako gobernuei. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Akitania Berriko biztanleak batetik bestera igaro ahal izatea. “Eskaera ofiziala izan da, baina erantzun baten zain gaude”, adierazi du sailburuak, eta arrazoi sozioekonomiko eta familiarrak aitatu ditu eskaera hori arrazoitzeko. Izan ere, gogorarazi du, herritar askok familiartekoak dituztela administazio muga bakoitzetik haratago.
Hirugarren fasean, edozein pertsonak, edozein lekura, edozein momentutan joatea erabaki dezake, baina mantendu egingo dituzte adinekoen ordutegiak: “Pertsona helduak edota zaurgarriak beste momentu batzuetan ere atera daitezke, baina beraientzako tarte hori mantenduko dugu”.
Garraioa %100. Fasez igaroz gero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garraioak %100ean ariko dira, bidaiari kopuruan zein maiztasunean. Hala ere, maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da.
Ostalaritza, turismoari eta gastronomia guneei dagokionez, denda eta saltoki handietan edukiera %60 izango da; toki itxi eta gune komunetan. Tabenetan eta jatetxeetan, berriz, ez da gehieneko bezero kopururik egongo, baina mahaien arteko tartea gutxieneko bi metroetan mantendu beharko da. Barran kontsumitzea ere posiblea izango da, bezeroen artean ere bi metroko tartea utzita. Hoteletako gune komunek euren edukiera murriztuta edukiko dute, %50an. Naturako turismoari dagokionez, mendi-ibilietan eta bestelakoetan gehienez 30 pertsonako taldeetan ibili ahalko da.
Zinema, kultur ekitaldi eta ikuskizunetan, berriz, ikusle kopurua gehienez %50 izango da, eserita eta sarrera aurretik hartuta. Areto itxietan antolatutako ekitaldieta, edukieraren %50 mantenduko dute, baina gehienez 80 lagun sartuko dira. Aire zabalean egindakoetara, berriz, 1.000 pertsona gerturatu ahalko dira.
Pilotan eta arraunean, goi mailako kirolariek baimenduta edukiko dute entrenatzea.
Udalekuetako baldintzak ere zehaztu ditu Jaurlaritzak, hirugarren fasera igaroz gero aplikatzekoak. Horiek ere %50ean arituko dira: leku itxietan gehienez 80 lagun, eta irekietan 200, haurrak zein begiraleak aintzat hartuta.
Kasu berrien beherakada. Nekane Murga osasun sailburuak gaur jakinarazi duenez, azken egunetan erregistratutako kasu berrien beherakada nabarmena izan da.
Lurraldeei dagokienez, PCR bidezko lau kasu berri zenbatu dituzte azken orduetan, guztiak Araban. Ospitaleratutakoei dagokioenez, gaur goizaldera arteko datuen arabera 27 pertsona daude ZIUn (atzo baino 2 gutxiago). Eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak kontuan hartuta, RO 0,72 dela diote (barikuan baino 0,03 altuagoa).
Egoera epidemiologikoaren irakurketa egiteaz batera, Nekane Murga sailburuak esan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dagoela aldaketarik asistentzia gaitasunean: “Euskadik pandemiaren unerik zailenean erakutsi du gai dela ospitaleko tentsioa bere gain hartzeko sareko lanari esker”. Horrez gain, gaineratu du kasu berrien kopuruak behera egin duela eta pandemiarako Zaintza eta Kontrol Planari esker, kasu horien eta haien kontaktuen kudeaketa “lasaia” ari dela izaten.