Enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzendutako diru laguntzak onartu ditu Gautegiz Arteagako Udalak
Guztira, 20.000 euro bideratuko dituzte indarrean dagoen udal aurrekontutik, eta zenbateko hori ezin izango dela "inola ere" gainditu zehaztu dute.
Enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei lagundu gura die Gautegiz Arteagako Udalak. Horretarako, diru laguntzak emateko programa bat onartu du, COVID-19a eragindako geldialdia eta gero, enpresak berriro aktibatzeko. Programaren aurrekontua 20.000 eurokoa izango da.
Zuzeneko laguntzak emango dituzte, krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko, “eta udalerriko jarduera ekonomikoa mantentzea eta garatzea lehentasunezkoa delako”. Izan ere, udalaren lehentasuna dela merkataritza eta enpresa jarduerari eusten laguntzea eta tokiko ekonomia sustatzea aitatu dute.
“Krisi egoera orokorraren jakitun gara, eta gure herriko enpresa txiki eta autonomoei lagundu gura diegu, kaltetuenekin zuzenean jardunez, COVID-19ak eragindako krisi ekonomikoaren eragina ahal den neurrian murrizteko. Izan ere, herriarentzat garrantzitsua da normaltasun berrian aurrera egin ahal izatea. Negozioei eutsi ahal izatea behar dugu herritarrok, gure herriko familia ugarirentzat eta konomiarentzat eta Gautegiz Arteagako bizitzarentzat oso garrantzitsuak baitira”, adierazi du Juan Felix Naberan alkateak.
Guztira, 20.000 euro bideratuko dituzte indarrean dagoen udal aurrekontutik, eta zenbateko hori ezin izango dela “inola ere” gainditu zehaztu dute: “Erakunde bakoitzak 900 euroko diru laguntza bakarra jaso ahalko du”. Izapideak bitarteko telematikoen bidez egingo dira, eta diru laguntza horien kudeaketa “gardentasunaren, objektibotasunaren, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren” printzipioei jarraituz banatuko dituztela esan dute. Baita ere helburuak betetzeko eraginkortasunari eta baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko eraginkortasunari erreparatuz ere.
Gautegiz Arteagan egoitza soziala eta udalerrian jarduera daukeen enpresek eta autonomoek jaso ahalko dute zuzeneko diru laguntza, betiere osasun krisiaren ondorioz diru sarrerak eta enpleguak murriztu bazaizkie. Establezimenduak ixteak edota jarduera eteteak eragindako gastuei eta galerei aurre egin ahal izateko eskatu ahalko dituzte diru laguntzak: “Alarma egoerak establezimendu itxiera eragin badie edota enpresaren jarduerak fakturazio murrizketa izan badu, gutxienez %50ean, egoera deklaratu aurreko seihileko naturalean egindako batez bestekoagaz alderatuta”.