Patxi Ruizi babesa adierazi diote Gernika-Lumon
Borrokan dauden presoak ere gogoratu dituzte. Preso txantrearrak abiatutako borroka defendatu eta presoek kartzeletan bizi duten egoera "tamalgarria" salatu zuten.
Patxi Ruiz euskal presoari eta borrokan dauden gainontzekoei babesa adierazteko mobilizazioa egin zuten atzo Gernika-Lumon. Eztenak deituta, Ez zauzie bakarrik! Amnistia osoa! lelopean egingo zuten manifestazioa.
Preso txantrearrak abiatutako borroka defendatu eta presoek kartzeletan bizi duten egoera “tamalgarria” salatu zuten: “Lehenago ere kartzelak leku zapaltzaile eta miserableak baziren, orain, egoerak okerrera egin du eta presoen eskubideen murrizketa nabarmena izan da”. Hori horrela, kartzela askotan presoak antolatu eta euren eskubideak babesteko borrokatu direla gogorarazi zuten, elkartasuna adieraziz.
Langileentzat ere, “garai gogorrak” datozela diote, eta egoera horiei aurre egiteko elkartasuna eta babesa antolatu behar direla uste dute: “Burgesiak bere disidentzia politikoa errepresio bidez zanpatzea eta desagerraraztea bilatzen duten neurriekin ondorengo errresistentzia apaltzea bilatzen badu ere, aministaren aldeko borroka bizirik dago hemen eta orain”.