Ekainaren 1ean zabalduko dute Bakearen Museoa
Museoa egunero egongo da zabalik, baina bisitak aurretiaz erreserbatzeko gomendatu dute museoko arduradunek.
Koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma egoera dela-eta, itxita egon da Gernika-Lumoko Bakearen Museoa. Astelehenetik aurrera, baina, ateak irekiko ditu, beharrezkoak diren segurtasun neurri guztiak hartuta.
Museoa egunero egongo da zabalik, martitzenetik zapatura 10:00etatik 19:00etara, eta domeka eta astelehenetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara.
Astelehenetik aurrera, bisitariak talde murriztuetan sartu ahalko dira museora, gehienez zortzi pertsonako taldeetan eta 10 minutuko tarteagaz. Museoaren edukiera ere murriztu dute, eta norabide bakarreko bisitaldia izango dela iragarri. Halaber, garbitasuneko segurtasun neurriak hartuko dituzte, garbiketen maiztasunak areagotuz eta gel hidroalkoholikoen erabiltzea bultzatuz.
Museoko arduradunek bisitak aurretiaz erreserbatzeko gomendatu dute, “bisita eguna baino egun bat lehenago gutxienez”. Zehaztu dutenez, berrespen emaila jasotzerakoan egongo da osatuta erreserba, eta ez lehenago. Hala ere, erreserba bariko bisitak ere onartuko dituztela adieraztu dute, “tarte libreetan”.