Minutu bateko isilunea egin dute, COVID-19agatik hildakoak omentzeko
Udal ordezkariek 12:00etan egin dute minutuko isilunea, udaletxe aurrean.
COVID-19 pandemiarengatik hildakoak oroitzeko minutu bateko isilunea gorde dute gaur Gernika-Lumon. Udal ordezkariek 12:00etan egin dute minutuko isilunea, udaletxe aurrean.
Senitartekoak ere gogoan izan dituzte, alarma egoera ezarritako prebentzio neurriak tarteko, euren senideak agurtu ezin izan dituztelako.
Espainiako Ministroen Kontseiluak martitzenean onartutako 10 eguneko dolu ofizialaren barruan, pandemiak hildakoak omentzeko lehen ekitaldia izan da gaurkoa. Izan ere, Espainiako Gobernuak hamar eguneko epealdi bat ezarri du dolua bideratu ahal izateko. Instituzioetako balkoietan banderak makila erdian ere ipini dituzte, eta xingola beltzak ere jarri dituzte. Hego Euskal Herriko erakunde gehienek deitu dute ekitaldiekin bat egitera, eta herritarrak ere gonbidatu dituzte eginbeharrak gelditu eta minutu bateko isilunera batzera.