Eskularruak, maskarak eta gel hidroalkoholikoak erosi dituzte Jaurlaritzako langile publikoentzat
"Presazko prozedura bidez" erosi dituzte, eta 30.000 euroko erosketa izan dela zehaztu dute. Langile publikoen %65 itzuli da aurrez aurreko lanera.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako langile publikoentzat eskularruak, maskarak eta gel hidroalkoholikoak erosi dituztela, “presazko prezeduraren bidez”. Erosketa hori 30.000 eurokoa izan dela, eta haren helburua langileei higiene eta babes materiala ematea zela zehaztu du.
Izan ere, Administrazio Orokorrean eta haren erakunde autonomoetan lan egiten duten langileak Eusko Jaurlaritzaren egoitzetan lan presentzialera bueltatzen hasi ziren maiatzaren 11tik aurrera, “mailaz maila eta pixkanaka-pixkanaka”. Gaur gaurkoz, langile publikoen %65 itzuli da aurrez aurreko lanera.
“Zerbitzu zuzendaritza bakoitzak eta erakunde autonomoetako langileen kudeaketa organoek euren antolamendu eta babes neurri bereziak zehaztu dituzte, langileek egiten duten lan motaren arabera”, azaldu du Erkorekak, eta horren arabera banatuko dituztela materialak aitatu du.
Hurrengoak izan dira erosi dituztenak: binilozko eskularruak, nitrilozko eskularruak, latexezko eskularruak, FFP2 maskarak, maskara kirurgikoak, osasun-erabilerako gel higienizatzailea eta erabilera orokorreko gel higienizatzailea. Materiak horiek “lanpostuaren arrisku balorazioaren arabera” banatuko dituzte langile publikoen artean.
Deseskalada “positiboa”. Erkorekaren berbetan, Eusko Jaurlaritzak positiboki balioetsi du deskonfinamendu prozesuaren jarraipena funtzio publikoaren eremuan. Hala, deseskalada “planifikatua” eta “ordenatua” izaten ari dela dio, eta ez dela jende pilaketarik gauzatu gehitu du: “Segurtasun distantziak egunero gordetzen dira administrazio publikoan, modu zorrotzean eta gainbegiratuta”.