Aldundiak 700.000 euro bideratu ditu lurraldeko turismoa sustatzeko
Bizkaiko turismo garapena susatzeko diru laguntzen programara bideratu du zenbatekoa. Diru laguntza hori turismo sektorerako laguntzen multzoko beste baliabide bat gehiago izango dela zehaztu dute, mikrokredituekin, zuzeneko laguntzekin eta barne turismoaren sustapenerako programarekin batera.
Bizkaiko turismoa sustatzeko beste 700.000 euro bideratu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak turismoaren garapena bultzatzeko laguntzen programara. Hori horrela, turismoaren sektoreko eragileek proiektuak aurkeztu ahal dituzte helmuga turistikoaren garapena sustatzeko dirulaguntzen programara.
Turismoaren sektoreko enpresa eta erakundeek izango dute finantzaketarako hainbat baliabide lortzeko aukera, hala nola, enpresa txikientzako eta autonomoentzako mikrokredituak edota zuzeneko laguntzak. Gainera, Bizkaiak helmuga turistiko moduan eskaintzen dituen zerbitzuak eta eskaintza hobetzeko proiektuak babesten dituzten neurri espezifikoak ere bultzatuko dituzte.
Dekretua Covid-19aren ondorioz sortutako egoerara egokituta dago, eta lurraldearen baliabide turistikoak ezagutaraztera bideratutako ekimen eta proiektuak babesten ditu, zeintzuetan udalerri eta eskualdeetako erakargarri eta esperientziak koronabirusaren ondoriozko baldintzetara egokituko diren. Horrez gain, turismo fluxua eremu desberdinetatik mobilizatzea, helmuga digitalizatzea, turismo eskaintza zabaltzea eta txangoak egitea sustatzea helburu duten ekimen eta proiektuetarako laguntzak jasotzen ditu, baita sektoreko enpresak babesteko eta turismo teknikariei eta informatzaileei Covid-19arekin lotutako neurriei buruzko prestakuntza ematekoak ere.
Dekretu hau “Bizkaia aurrera!” ekonomia suspertzeko premiazko planean jasotako neurriei gehitzen zaiela zehaztu dute agintariek, eta neurri horiekin, lurraldearen industria turistikoa osatzen duten eragileei “modu erabakigarrian” lagundu nahi dietela jakinarazi du foru aldundiko ekonomia susatzeko sailak.
Helmuga turistikoaren garapena sustatzeko dirulaguntzen programa helmuga turistikoaren kudeaketa integratuaren beste adibide bat dela diote, bai eta ere “instituzio eta erakunde publikoen eta arlo pribatuaren arteko lankidetzaren emaitza” dela. Laguntza programa honegaz aldundiak balioa eman gura izan dio udalek eta turismoaren garapenerako eskualde entitateek egindako lanari. Izan ere, erakunde horiek egunero laguntzen dutela turismo bulegoen, landetxeen, turismo aktiboko enpresen, turismo gidarien, hotelen eta jatetxeen kudeaketan eta sustapenean azaldu dute, “produktu berriak sortuz, ekitaldi berriak sustatuz eta bisitariak lurraldearen barruan interes turistikoa duten lekuetara hurbilduz”.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak kontsumoa eta jarduera suspertzeko neurriekin lotutako konpromisoa mantentzen duela gehitu dute, “bonoen bidez eta barne turismoko kanpaina baten bidez”.