Aldundiak 2,1 milioi euroko konpentsazioa emango dio nekazaritza sektoreari, mendiko nekazaritzako edo muga naturaletako eremuetan
Bizkaiko nekazaritza ustiategien jabeak diren eta nagusiki nekazari diharduten pertsona fisiko eta juridikoak dira laguntza horien hartzaileak.
Bizkaiko Foru Aldundiak nekazaritza-sektorerako laguntzen deialdia onartu du gobernu kontseiluan, mendi eremuetan eta lurraldeko beste eremu behartsu batzuetan nekazaritza-ekoizpenak dituen zailtasunen ondoriozko kostu gehigarriak eta diru-sarreren galerak konpentsatzeko.
Laguntza horiek 2,1 milioi euroko zuzkidura dute, eta lurraldeko nekazaritza ustiategien jabeak diren eta nagusiki nekazari diharduten pertsona fisiko eta juridikoak dira laguntza horien hartzaileak. Izan ere, laguntzak mota horretako eremuetan kokatutako azalera erabilgarriaren hektarearen arabera banatuko dira.
Jaso daitezkeen laguntzen gehieneko zenbatekoa 6.534 eurokoa izango da jarduera nagusi legez nekazaritza duten nekazarientzat, bi nekazariren mugarekin. Ustiategi asoziatiboen edo elkarte ustiategien kasuan, berriz, 13.068 eurokoa izango da gehieneko zenbatekoa.
Helburu bikoitza. Dirulaguntzen bidez indartu egin gura dute eremu horietako ehun soziekonomikoa, mendi eremuetan eta eremu kaltetuetan nekazaritza sistemak mantentzea lortzeko, “berez duten ingurumen interesagatik eta ingurumenari egiten dioten ekarpenagatik”. Beste alde batetik, landa inguruneko bizi maila ingurune horretakoarekin parekatzea lortu nahi dute laguntzekin: nekazarien bizi-baldintzak eta lan-baldintzak hobetzea edota animalien ongizatea eta higienea hobetzea. Hori guztia ingurumena errespetatzen duen natur baliabideen ustiapen jasangarri baten barruan burutuko lukete.