Ordu mugarik gabe hilaren 25etik aurrera
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Bigarren fasean sartuko dira astelehenean. Aurrerantzean, kalera ateratzeko ordutegiak ezabatuko ditu Jaurlaritzak.
Ordu mugarik gabe ibili daitezke herritarrak astelehenetik aurrera, eta lurralde historikoan (Bizkaia) mugitu daitezke. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bigarren fasera igarotzeko baldintzak betetzen dituztela esan du Ekonomia, Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak. Hori dela eta, orain arteko neurriak arintzea erabaki du Iñigo Urkulluk gidatzen duen gobernuak.
Aipatutako neurriaz gain, kirola egiteko ordutegia ere zabalagoa izango da. Kirolariek adinez nagusientzat gordetako ordutegiak bakarrik errespetatu beharko dituzte. Hala, astelehenetik aurrera, edozein ordutan egin daiteke kirola, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara izan ezik.
Halaber, naturan kirola egitea baimenduta egongo da, baita turismo aktiboa ere. Gehienez, baina, 20 pertsonako taldeak batu ahal izango dira.
Bestelako neurriak ere aurreratu ditu Jaurlaritzak. Besteak beste, 15 lagun arteko taldeak batu daitezke etxeetan, lokaletan edo kalean. Hori bai, distantzia mantendu behar da kasu guztietan, eta gomendatutako babes neurriak errespetatu.
Ostalaritzan, taberna barruan ere egon ahal izango da, gehienezko %50eko aforoa errespetatuz. Terrazen jardunarekin jarraitu ahalko da, horietan ere %50era . Edozein kasutan, agindutako distantziak bete beharko dira. Era berean, 400 metro koadro baino gehiagoko lokal komertzialen jarduna berreskuratuko da astelehenean, eta komertzio denetan aforoa %40koa izango da, gehienez.
Txoko eta elkarte gastronomikoen kasuan, horiek irekitzea posibla da hilaren 25etik aurrera. Hala ere, horietan ere gehienezko aforoa %50ekoa izan behar da. Gune zabalen kasuan, gehienezko okupazioa haren osoaren herena izango da. Gainera, gehienez ere, 400 pertsona onartuko dira eremu horretan.
Hezkuntzan, bestalde, DBH 4 mailakoek, Batxilergokoek eta Lanbide Heziketako lehenengo eta bigarren mailakoek ikastetxera bueltatu eta azterketak egin beharko dituztela dio dekretuak. Ekainaren lehen astean, pixkanaka, jardun presentzialera bueltatu beharko dute gainontzeko zikloetako langileek.