Morga eta Muxika arteko bidezorua konponduko du aldundiak
3,7 milioi euro inbertituko ditu zazpi errepidetako bidezorua konpontzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak bidezorua konpontzeko lanak egingo ditu zazpi errepide tartetan, Muxika eta Morga arteko BI-2121 bidea tartean.
Bidezorua konpontzeko lanak egingo diren tarteak honako hauek dira:
- BI 735, Lutxana-Erandion (8+800 – 10+750 k.p.ak).
- BI-2121, Morga-Muxika artean (28+600 – 31+200).
- BI-623, Otxandioko saihesbidea (45+700 – 48+840).
- BI-625, Urduñako saihesbidea (351+300 – 353+500).
- BI-625, Arrankudiagan (372+560 – 372+800).
- BI-625, Arrankudiagan (373+480 – 374+340).
- N-634, Zornotzako saihesbidea (89+980 – 93+780).
Lan horiek guztira 3,7 milioi euroko inbertsioa izango dute, eta uda honetan hasiko dira; 19 hilabeteko epean bukatu behar direla zehaztu dute. Errepideen foru sarea zaintzeko eta mantentzeko lanen barruan daude sartuta lanok, eta era horretarako lanetarako 50,7 milioi euro inbertituko ditu aurten. Bidezorua konpontzeko lanek errepidearen baldintzak hobetzen dituztela diote, eta, beraz, foru sarearen erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna ere hobetzen dutela adierazi dute.
Plataforma osoan (galtzada eta bi bazterbideak) egungo errodadura geruza fresatzeko lanak egingo dira, hiru eta sei zentimetro arteko lodieran, eta hamabi zentimetro arteko lodieran, gainazaleko narriadurak identifikatu diren eremuetan. Gaur eguneko geruza kendu ondoren, inprimazioa aplikatuko da, eta nahasketa bituminosozko errodadura geruza berri bat zabalduko dutela adierazi dute. Esku-hartzea amaitzeko, bide-marrak margotuko dituzte.
Errepideen kontserbazio eta mantentze lanetan iraunkortasuna bultzatzeari dagokionez, bidezoruak konpontzeko orduan aldundiak material birziklatuak erabiltzearen alde egin du. Zehazki, labe elektrikoko altzairugintzako agregakin siderurgikoak erabiliko dituzte. Material horiek altzairua ekoizteko txatarra galdatzeko prozesuaren barruan lortzen dira, eta dagoeneko modu esperimentalean erabili dira.
Lan horiek egiteko, trafikoa eten edo moztu egin beharko da, eta behar bezala seinaleztatuta egongo direla azaldu dute arduradunek.