Gernika-Lumoko Udalak ateak zabaldu ditu berriro
Herritarrei aurrez aurreko arreta ematen ari zaie. Hala ere, gogorarazi dute kudeaketa gehienak modu telematikoan ere egin daitezkeela.
Herritarrei arreta eskaintzeko asmoz, ateak zabaldu ditu berriro Gernika-Lumoko Udalak. Hori horrela, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bitartez, aurrez aurreko laguntza izango dute hala behar duten herritarrek.
09:00etatik 14:00etara egongo da zabalik arreta zerbitzua, eta pertsonen arteko segurtasun-tartea mantendu beharko da. Normaltasun berrian sartzeko lehen urratsa da hori, eta udalak beharrezkoak diren segurtasun eta higiene neurri guztiak hartu ditu. Hala, Herritarrentzako Arreta Zerbitzura sartu aurretik, herritarrek atean aurkituko duten gel hidroalkoholikoagaz desinfektatu beharko dituzte eskuak, eta derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.
Gainera, gogorarazten da edozein kudeaketa aurrez aurre egin nahi ez dutenek edo egin ezin dutenek modu telematikoan egin dezaketela. Horretarako, azpimarratu dute udaleko sail bakoitzaren telefono-zenbakiak eta korreo elektronikoak udalaren webgunean aurki daitezkeela.
“Herritarrek arreta jasotzen jarraitu behar dute, eta hala egin dugu Alarmako Estatu Dekretutik hona. Ez da erraza izan inorentzat hain berria den egoera bati aurre egitea, baina guztion artean egokitzeko gai izan gara, orain normaltasun berrira itzultzeko egiten ari garen bezala”, nabarmendu dute udaleko iturriek, eta eskerrak eman dizkiete udaleko langile eta auzotar guztiei arreta ematen jarraitzeko egin duten lan eta ahaleginagatik.
Telelana. Mailaz mailako deseskalada Espainako Gobernuko Osasun Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarritako premisen eta araudiaren arabera egiten ari direla diote udal arduradunek, eta ualeko langileen artean telelana lehenetsi dutela nabarmendu dute. Hala, beharrezko premien arabera bueltatuko dira lanpostuetara.