Gernika eta inguruak ezagutzeko bost ibilbide berri kaleratu ditu Berbalagunek
2017an kaleratutako ibilbideen argitalpenari gehituko zaizkie "laster". Webgunean egongo dira ikusgai.
Gernika-Lumoko Udalaren babesagaz eta Berbalaguneko kide batzuen lana bitarteko, Gernika-Lumo eta inguruak ezagutzeko ibilbideak argitalpena kaleratu zuten 2017an. Orain, baina, bost ibilbide berri gehitu zaizkio argitalpen horri.
“Gernika-Lumoko Berbalagun bizirik dago, eta eskualdeko inguruak ezagutzeko ibilbide berriak landu ditu”, diote elkarteko kideek, eta ikasturtean egindako lanaren fruituak direla azken bost proposamenak gehitu dute. Hala, ibilbideen webgunean ikusgai dauden 15 ibilbideei beste bost gehituko zaizkie “laster”.
Ibilbide berriak:
- Oroimenaren bidea: Gernika-Lumo-Kosnoaga-Berriz-Goikoerrota-Gernika-Lumo.
- Gaztelugatxe, lurra eta itsasoa aurrez aurre: Bermeo-Gibele-Matxitxako-Lurgorri-Ermu-Gaztelugatxe Eneperi-Mendialde-Bakio.
- Urregarai eta Santa Eufemia ingurua: Aulesti-Madalen-Urriola-Orrezpen-Lekoizgana-Urregarai-Txepetxabitxe-Goierri-Barbariolabarri-Aulesti.
- Sollube mendiaren magalean zehar: Axpe-San Bartolome-Larrago-Zabala-Tribisburu-Pagozarreta-Urkiobe-Pakotene-Portuondo-Sukarrieta.
- Berbalagun bertsotan, Gernika-Lumon zehar: Gernika-Lumo-Lurgorri-Zallo-Amillaga-Elorrieta-Ganaga-Bastegieta-Kosnoaga-Lumo-Sigertatxu-Gernika.
Ibilbide bakoitzaren fitxan, bidean aurki daitezkeen gauzarik aipagarrienak azaltzen dira: monumentuak, ermitak, baserriak, landaredia, mitoak, edota historia. Gainera, fitxa bakoitzean, URLak jarri dituzte; Bizkaibus eta Euskotrenen webguneetarako sarbideak besteak beste.
Urteetako lana. Berbelagunek urte askotan antolatu izan ditu hileroko ibilbideak, eta lan horri ikusgarritasuna eman gura izan diote beste behin: “Hileroko irteen atzean dagoen lan neketsu eta bitxiari aparteko bizia eman behar geniola pentsatu genuen. Hala, 2017an argitalpena egitea pentsatu genuen eta hori herritarren eskura jartzea. Orain, lana osatu dugu”.