Sare publikoko hezkuntzako langileak lanera bueltatzeko agindu dute
Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eman zuen agindua atzo, eta lehenengoak bueltatzen ikuskaritzan eta ikerkuntzan ari diren langileak izatea agindu du. Horiek gaur bueltatu beharko lukete lan lekuetara. Sindikatuek Hezkuntza sailaren formak kritikatu dituzte, eta proposamena helarazi diote, ikasturte amaiera adostua, segurua eta kalitatezkoa izan dadin.
Sare publikoan lan egiten duten ikuskaritza eta ikerkuntzaren arloko langileak gaur lanpostura bueltatu beharra izan dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak emandako azken aginduaren arabera. Astelehenean [maiatzak 25], berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailakoek, Batxilergokoek eta Lanbide Heziketakoek itzuli beharko dute aurrez aurreko eskoletara.
Jaurlaritzak maiatzaren 19an jakinarazi zuenaren arabera, DBHko gainontzeko mailetako irakasleek, Lehen Hezkuntzakoek eta Haur Hezkuntzakoek modu «mailakatuan» bueltatu beharko dute ikasgeletara, ekaineko lehen astean zehar, zentroek erabakitzen dutenaren arabera. Ekainaren 5erako prozesua amaituta egoeta espero du Hezkuntza sailak.
Sindikatuei ere erabakiaren berri eman zien, eta horien erantzuna berehala heldu da. ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT-ren arabera, Hezkuntza Sailak ikasturte amaierara begira eskoletarako egin dituen planteamenduak eta horien gaineko ondorengo aldaketak ez dira egokiak izan. Sindikatuek diote pandemia egoerak eskatzen dituen osasunerako berme-irizpideak lehenetsi gabe gauzatu direla aldaketa horiek, ikuspegi pedagogikoak kontuan izan barik eta beharrezko adostasunik gabe.
Maiatzaren 19ko aginduaren aurrean ere, kezka eta kritika agertu dute sindikatuek. Hala, Hezkuntza sailaren planteamenduak hutsuneak dituela iritzita, ikasturte amaiera adostua, segurua eta kalitatezkoa izateko proposamena luzatu diote Cristina Uriartek gidatzen duen sailari. Gainera, ohar bat helarazi gura izan dio sailburuari: “Hezkuntza Sailaren jokaera arduragabearen ondorioz, datorren astelehenetik aurrera ikastetxeren batean osasuna bermatu gabe aurrez aurreko ikasketak abian jarriko balira, sindikatuok gure esku dauden tresna guztiak abian jarriko ditugu langile eta ikasle horien osasuna babesteko”.
Proposamenaren ardatz nagusiak hauek dira:
- Osasun protokolo eta gainerako dokumentazioan jasotako prozedurak zein edukiek dituzten gabeziak osatzea sindikatuekin negoziazio bidez.
- Hezkuntza Sailak ikastetxe guztientzat irizpide berdina finkatzea aurrez aurreko ikasketei ekiteko (zein etapetan, zein ikastalderentzat), horrela ikastetxe desberdinetako ikasleen arteko arrakalarik sortu edo areagotzea ekidinez.
- Ikasturte honetan aurrez aurreko ikasketara itzulera EBAU azterketa prestatzeko beharra duten 2. Batxilergoko ikasleengana soilik zein arrakala digitalaren ondorioz konfinamenduaren ondorio kaltegarriak modu gehigarri batean jasan dituzten ikasleen errefortzurako soilik mugatzea.
- Ikasturte amaierako plangintza zein eskoletara aurrez aurre itzultzeko baldintzak, osasuna bermatzeko protokolo eta prozedurak zein neurri zehatzak langileen ordezkariekin negoziatzeko eta adosteko prozedura abian jartzeko eskatzen diote sindikatuek Hezkuntza Sailari.
- Negoziaketa prozesu horiek gauzatu arte eta sindikatuek bidalitako proposamenean jasotako eskaerak betetzen ez diren bitartean ikasturte amaierara begirako aldebakarreko erabakiak bertan behera utz ditzala, hezkuntza publikoko langileak eskolara presentzialki itzultzeko maiatzak 19ko jarraibidea barne.