Hemeretzigarren idazlan koadernoak osatu dituzte ikasleen lanekin
Guztira, 65 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte.
Hemeretzigarren urtez, Gernika-Lumoko zentroetako ikasleen lanak biltzen dituzten idazlan koadernoak kaleratu dituzte Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hezkuntza Arloak, herriko irakaskuntza zentroekin elkarlanean. Guztira, 65 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte.
Zentro bakoitzak bere idazlanak aukeratzen ditu, ziklo bakoitzeko bi. Lehen Hezkuntzakoen liburuan 30 ikasleren lanak jaso dituzte; eskuz idatzita eta jatorrizko marrazkiekin. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko mailakoen argitalpenari dagokionez, 35 idazlan aukeratu dituzte, baina, helduentzako formatuan argitaratuta.
Argitalpenak kaleratzeagaz batera, ekitaldia egin izan dute Lizeo Antzokian, ikasleak baitira protagonistak. Aurten, baina, ezin izan da horrelakorik egin. Hala ere, Gernika-Lumo eta inguruko zentroetako ikasleei euren lana saritu eta esker ona adierazi diete antolatzaileek.
Portada lehiaketa. Idazlan koadernoei lotuta, ohi legez, portada lehiaketa egin dute aurten ere, eta honako hauek suertatu dira irabazle: Lehen Hezkuntzakoen kategorian Alaitz Montes Ezkiagaren (LH 6.maila), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergokoen artean, Itziar Ainhoa Cotrina (DHB 4.maila).
Jakitera eman dutenez, lehiaketan parte hartu duten ikasleen lanak ikusgai jarriko dituzte Lizeo Antzokian, etxealditik ateratzea eta erakusketak jartzea baimentzen dutenean.
Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzua eta Hezkuntza Arloaren eskutik, 2002an sortu zuten Idazlan Koadernoak ekimena. Egitasmoaren helburuak ikasleen artean idazmena lantzea eta irakurzaletasuna sustatzea dira. Hala, euskara sendotzea da helburu nagusia.