"Materiala egon da, baina ez guretzat"
Gernikako ospitaleko garbiketako langilea da Silvia Arego, eta koronabirus kasuak garbitzen lan egin du. Lan gehiago izan dute, eta ospitaleko garbitzaileek izan duten material eskasia salatu du.
Koronabirusari aurre egiteko ezinbestekoa da garbiketa. COVID-19a erraz transmititzen da, eta birusa transmititzea ekiditeko metodo eraginkorrenetakoa garbitasuna dela diote. Osasun arduradunek isolamendua ezarri zuten martxoan, eta itxi egin ziren hainbat eta hainbat lantoki. Beste batzuek, ordea, telelana jarri zuten martxan. Ospitaleetan, baina, langileen lanak ez du etenik izan.
Osasuneko langileen lana asko hazi da azken hileetan, baita ospitaleetako garbiketa langileena ere. Hala, gelditu barik aritu diren horietako bat da Silvia Arego bermeotarra. Gernika-Lumoko ospitalean garbiketa lanetan dihardu, eta koronbairusak sortutako egoerara “apurka” egokitu direla dio.
Egoerak “ezjakintasunean” harrapatu zituen, eta denbora igaro ahala egokitu dira errealitatera. Bizkaiko lehenengotariko koronabirus kasu posibleetako bat izan zuten ospitalean, eta aitortu du ez zutela jakin egoerari zelan aurre egin. Hala, garbiketa lanak burutzeko ebolari aurre egiteko egokitutako babes materiala erabili zuten, «badaezpada» gordeta zutena: “Ez zen kasu positiboa izan, baina izatekotan, ez genuen jakin zer egin behar genuen. Kirofano bat garbitzeko neurriak hartu genituen”.
Ostean, garbiketako ikastaro bat jaso zuten, eta eraikina berregituratu zuten. Mediku eta erizainak bikoiztu, eta garbiketan lau langile kontratatu zituzten. Horietako hiru koronabirus kasuak garbitzeko bakarrik. “Ohiko gure lana egiteaz gain, koronabirus kasu posibleak garbitu behar genituen. Lan asko eduki dugu, eta beharrezkoa zen langile gehiago ekartzea”. Denen lana “ikaragarria” izan dela dio Aregok, eta koronabirusa garbitzeaz arduratzen ziren langileetako askok behar baino ordu gehiago egin dituztela aitatu du.
Garbiketa lanak
Garbitzaileek garbitu beharreko espazioa bera da, baina garbitzeko erak aldatu dira. Ohiko garbiketetan, erabilitako materialak, gelak eta lurra garbitzen dituzte, baina koronabirusa heldu denetik dena “goitik behera” garbitu behar dute, garbiketa orokorretan egin legez: “Udan, Aste Santuan edota neguan garbiketa orokorrak egiten dira, kirofanoak ixten direlako. Horietan leiho, kristal, material, horma, kamilla… garbitzen ditugu, urtean hiruzpalau aldiz. Koronabirusagaz, baina, kasu posible bakoitzagaz guzti hori egin behar dugu, pazientea igaro den leku guztietan, eta ordu askotan zehar”. Lana “izugarria” dela dio.
COVID-19 kasu posible guztiei plakak egiten zaizkie, eta plaken gune hori kasu bakoitzeko garbitu behar dute. Hori garbitzeaz gain, arropak ere kasu bakoitzeko aldatu behar dituzte: “Plastiko guztiak leku jakin batean kendu behar ditugu, eta gero, berriro, berriak jantzi”.
Lan horretara egokitzea ez da erraza izan. Hasieran, ahal zutena egiten zutelako: “Lehenengo kasu posiblean, oraindik, ez zegoen isolatutako gunerik ospitalean, eta kutsatu posible hori egon zen hiru tokiak osorik garbitu behar izan genituen, kirofano bat izango balitz bezala; kirofanoetako produktuekin”. Gero, lixiba erabiltzen hasi ziren, eta horregaz garbitzen zuten dena. “Lixiba manipulatzen ixiba eta ur denak aldatu behar ditugu kasuz kasu. Horrek lixiba asko manipulatzea dakar. Usain gogorra dauka, eta ez dugu maskararik usain hori ekiditeko. Gaitza da”.
Material falta
Garbiketa bakoitzeko arropaz aldatu behar dira, eta ekipamendu egoki bat izanez gero, ez zela hori gertatuko dio Aregok. “Ekipamendu egokia izanez gero, goizetik jantzi beragaz egongo ginateke, eta ez genuen horrenbeste denbora galduko arropak aldatzen”.
Garbitzaileek izan dituzten babes eta higiene neurriak eskasak izan direla aitortu du: “Ez ditugu norbere babeserako ekipamenduak izan. Materiala egon da, baina ez guretzat. Lehentasuna eman zaio etor zitekeenari, eta gertatu ez denari. Izan ere, ospitaleko parte bat irekitzekoak ziren, koronabirus kasuak artatzeko, eta horretarako materiala bazegoen gordeta”.
Azkenean, ez dute gune hori zabaldu, eta garbitzaileak dio bitartean eurek ekoiztutako babes neurriekin aritu direla lanean. “Gure langile batek egindako bata batzuekin babestu gara. Guk ditugun lan jantziek ez digute beharrezko babesa ematen. Galdakaoko ospitaletik iristen dira, baina berrerabilitakoak dira, han lehenago erabili eta askotan garbitutakoak. Arduradunak material justua dauka guri banatzeko. Hasieran gainezka egin zigun egoerak”.
Plastikozko poltsekin babestu dute euren burua, eta orain gutxi ere, beste 40 bata ekoiztu zituzten. Hasierako egunetan erizainei ere eman zizkieten. Ur azpiko lan jantziak ere iritsi zaizkie, eta horiek Galdakaotik iritsitako bata horien azpitik janzten dituzte: “Gure burua babestu behar dugu”.
Maskarak jasotzen ere, ospitaleko langileen artean eurak izan direla azkenak adierazi du: “Ohiko maskarak erabili ditugu, guk birusa transmititzeko besterik ez dutenak balio, ez gu babestekoak direnak. Bidegabekoa iruditzen zitzaidan maskara egokirik ere ez izatea. Mediku eta erizainak FFP3 edo FFP2ko maskarak erabiltzen ikusten genituen, eta guk ere behar genituen”. Hala eta guztiz ere, zenbaitetan, mediku, erizain edo horien laguntzaileei ere falta izan zaizkiela aitatu du. Egoera hobetzen joan da, eta bata berriak jaso dituzte, baita Maierreko pantailak ere.
Material gutxi izan dute, eta koronabirusaren kasu positiboak izan dituzte. Alabaina, Aregok dioenez, orain artean ez diete testik egin. “Martxoaren 2an positibo bat izan genuen, baina bi egun beranduagora arte ez genuen hori jakin. Hasierako egunak ziren, eta ez genuen babeserako neurririk izan”, azaldu du, eta pare bat egunetara eurekin kontaktatu zutela dio: “Egun horretan lan egin genuen langileekin harremanetan jarri ziren medikuak, baina sintomarik izan ezean lanean jarraitzeko esan ziguten. Eta lanean jarraitu nuen. Azkenean, isolamendua betetzeko esan ziguten, baina lau egun besterik ez zitzaizkidan geratzen berrogeialdia igarotzeko. Martxoaren 12tik 16ra bitartean egon behar nintzen etxean”. Testak orain bi aste egin dizkiete: test azkarrak eta proba serologikoak, antigorputzak zituzten jakiteko. Garbiketako langile guztiek negatibo eman dute.
Ospitalen egoera hobetu egin da azken asteetan, eta lehengora bueltatzen hasi direla dio Aregok: “Lehen desinfektatzeko erabiltzen genituen produktuak erabiltzen ditugu goiko solairuetan dagoeneko. Hala ere, zenbait tokitan lixiba erabiltzea beharrezkoa da”. Lehen Arretako Zerbitzua beheko solairuan dago, eta bertan neurri zorrotzak dituzte oraindik.
Denetara egokitzen joan dira osasun arloko langileak. Orain, dio, nabaritzen da kasu posible gutxiago daudela, baina birusa berragertzearen beldur da: “Ez dakit zer egingo genukeen, baina esperientzia, behintzat, badaukagu”.
Lanari, aitorpena
Garrantzia handia eman zaio osasun arloari, baina garbiltzaileek egiten duten lana ere eskertzen dela uste du Aregok: “Ospitaleko langileek asko eskertzen digute egiten dugun lana. Talde bat izan gara”. Gaixoek ere eskertu dutela dio, nahiz eta harreman oso zuzenik ez dutenkin.
Eta 20:00etako txaloak “hunkigarriak” dira eurentzat: “Kaleko eta balkoietako herritarrek asko poztu gaituzte. Animoak jaso ditugu, eta poztekoa da. Jendearen berotasuna asko nabaritu dugu. Izan ere, une gogorrak pasatu ditugu. Ez da lan erraza izan”.