Garbitasunaren zirrikituak arakatzen
Garbiketa funtsezko jarduera dela nabariago geratu da azken hilabeteetan. Sektoreko enpresak eta kale garbitzaileak dira adibide argienetakoak, eta HITZAk egungo egoera nola bizi duten bildu du.
Ofizio askoren garrantzia ageriago geratu da osasun krisi honetan. Horiek ikusarazteko eta horietan dihardutenen lana aitortzeko balio izan du askoren iritziz. Garbiketa sektorea da adibide nabarmenetako bat. Bazter guztiak ondo desinfektatzea beharrezkoa da herritarrak kutsatzea eragozteko, baina, era berean, garbitzaileak eurak ez kutsatzeko ere babes neurriak hartu dituzte.
Juan Mari Sanchez Asurmendik 20 bat urte daramatza Mutrikun kale gabitzaile lanetan. Mutrikuarrak azaldu duenez, euren lana berme guztiekin eta babestuta egiteko materiala “lehen egunetik” eduki dute: “Babes neurriak bagenituen, eta maskarak ere erabiltzen genituen lehen ere. Alde horretatik ez dugu inolako arazorik eduki”.
Kalean norbera kutsatzeko edota etxera joan eta etxekoak kutsatzeko beldurra izan duten galdetuta, susmo edo beldur hori beti dutela erantzun du. “Aldagela txikia daukagunez, hasieran enpresatik esan ziguten etxetik laneko arropekin etortzeko, eta lana amaitzean, etxera sartu, sarreran laneko arropak kendu, poltsa batean sartu eta zuzenean garbigailura botatzen genituen. Pentsatzen genuen, aldagelan ezin dut aldatu, eta etxera arropekin etorri behar dut etxekoak kutsatzeko?. Orain aldagelan aldatzen gara; hiru egunetik behin desinfektatzen dute”.
Mutrikuko kaleen garbiketaren ardura mankomunitatearena bada ere, udalaren brigadako langileak errefortzu lanetan ari dira azken hileotan. Erakunde biek egunak eta ordutegiak koordinatu dituztela zehaztu du Joseba Palenzuela alkateak, beti ere toki publikoei “lehentasuna emanda”. Jendea gehien ibiltzen den lekuetan eta eraikin publikoetan garbiketa eta desinfekzioa areagotu dute.
“Jendeak ikusten du ari garela zerbait egiten honi aurre egiteko”
Lau kale garbitzaile dira Mutrikun. Buzo zuriak, maskarak, eskularruak, alkohola, papera, gela, desinfektatzaileak… euren egunerokoa dira. Euren garbitasuna ere “lehengo aldean askoz gehiago” zaintzen dutela dio Sanchezek: ”Zaila da garbi mantentzea gure lanordu guztietan; kontu handiarekin ibili behar gara. Zakarranontzi bat hustu behar badugu, zerbait ukitu behar badugu eskuak gelarekin edo alkoholarekin garbitu behar ditugu; horretan bai aldatu da gure lana”.
Orain arte eurek ez zuten desinfekzio lanik egiten, eta orain, hori da euren jardun nagusia eta garrantzitsuena. “Lehen astean behin etortzen zen desinfekziorako kamioia. Orain, gure eguneko lehen lana hori da; garbiketa lanen aurretik, lehen orduan desinfektatzen aritzen gara. Kale garbigailuetatik eta ihinztagailuetatik lehen ura bakarrik botatzen genuen, eta orain ura eta desinfektanteak nahastuta. Lehen ur biltegi batekin egiten genuen egun osoa, eta orain, egunean hiru aldiz bete behar dugu”.
Kaleak, eraikinak, barandak, eskailerak… herrigunea goitik behera desinfektatzen dute egunero, eta auzoetara makinarekin astean behin joaten direla kontatu du mutrikuarrak. Eta kaleak bakarrik ez, adibidez, herriko sei komun publikoak garbitzeko ardura ere badaukate, eta gaur gaurkoz itxita daude: “Aurrera joan ahala zabaldu beharko dira, eta arduradunak ari dira aztertzen nola garbitu beharko diren. Batzuk astean behin edo birritan garbitzen genituen, eta ikusi beharko dute zabaltzean egunero edo sarriago garbitu edo desinfektatu beharko diren”.
Alarma egoera ezarri zutenetik, jendearen joan-etorria nabarmen gutxitu denez, kaleak garbiago nabaritu dituztela dio, eta zakarrontzietan ere igarri dute: “Lehen egunero bete edo erdi betetzen ziren, orain, astean bi aldiz hustuta nahikoa izaten da”.
Kalean dabiltzanen eskariak ere entzuten dituzte: “Jendeak esaten digu, hau ondo garbitu, bota hemen desinfektantea, gurera ere etorri… Baina denean botatzen dugu. Jendeak ikusten du ari garela zerbait egiten honi aurre egiteko”.
Konfinamendua malgututa, herritarrak lasaitu ez ote diren aitatu du. Hasieran kezka, ardura edota beldur gehiago sumatzen zuten: “Jendea hasi da terrazetara joaten eta konfiantza gehiagorekin edo lasaiago ikusten da. Nire buruan eta lankideengan ere ikusten dut bi hilabete pasatuta, egunak joan ahala, erlaxatzen goazela. Ez dakit konfiantza handiagoa dugun-edo, baina lasaitzen bezala goazela nabari dut; esan bezala, pasatu behar bada pasatuko da, kutsatu behar bagara, kutsatuko gara…”.
Lan gutxiago
Erakunde publikoek modura, garbiketa enpresek ere egoera berrira egokitu behar izan dute. Euren jarduna da funtsezko izendatuetako bat, garbiketa behar-beharrezkoa baita. Baina ia dena etenda egon den honetan, negozio asko itxi direnez, lan karga jaitsi zaie askori. “Guk ere ERTE bat egin behar izan dugu. Negozio asko zarratu dituzte, eta udaletxeetako jarduna ere eten denez, ez dugu eduki nun garbitu”, azaldu du Gernika Garbiketako Oier Idoiaga Erekatxok.
36 langile dira, eta ERTE partziala egin dute: hiru langile murriztuan daude eta bost lanaldia etenda. Komunitateei esker aktibo mantendu ahal izan direla dio, eta “zer edo zer” industriagatik: “Garbitasuneko mantenuak (udalen zein bestelako bulegoak etab.) eta puntualak ditugu (norbanakoenak, obrak etab). Ia dena guztiz geratu da. Zaila da galerak neurtzea”.
Dena hastean, langileak beldur zirela kontatu du: “Batzuek beldur handia zeukaten. Arrisku taldeetako senideak dituztenak edota umeen zaintzaren ardura daukatenak beldur ziren. Horregatik, 60 urtetik gorakoei aukera eman nien ERTEan sartzeko, eta eskertu egin zuten. Arrisku edota beldur gehien eduki zutenak ERTEan sartu ziren”.
“Langileak euren lana egin ahal izateko babestu behar dira”
Lana moldatzeaz gain, segurtasun berme guztiak edukitzeko babestu ere egin dira. EPIekin ari dira beharrean. “Oso garrantzitsuak dira garbitasun langileentzat. Eskerrak guk bageneuzkala”. Brigadan zein bulegoan hartu dituzte segurtasun eta babes neurriak: “Kutsaturen bat egonez gero, denak berrogeialdian egon beharko lirateke. Arrisku hori ekiditeko eta aktibitate barik ez geratzeko taldeka banatu nituen langileak; brigadakoak bikoteka ari dira eta bulegokoek txandaka egiten dute lan goiz eta arratsaldez”.
Herritar denek bete beharreko neurriak zein laneko arriskuen prebentzio neurriak zorrotz betetzen ari dira. “Hau hastean, eskularru, maskara eta gelez hornitu nituen langileak. Enpresari gainkostu bat suposatu zion, baina segurtasuna bermatzea zen lehentasuna. Langileak euren lana egin ahal izateko babestu behar dira”.
Desinfekzioan gehiago espezializatu dira: mantenuko desinfekziora eta tratamendukora. Teknika eta makina berriekin ari dira, eta desinfekzio produktuen sorta bat egin dute, bezero direnei eta ez direnei emateko. “Formakuntza horretara bideratu ditugu esfortzu guztiak. Produktuak erregistratuta egon behar dira, ziurtagiridunak izan behar dira, eta garbitasuneko protokoloak jarraitu behar dira”.
Idoiagak dio “beti azpimarratu” duela osasunean garbiketak daukan garrantzia. Uste du egoera hau ondo datorrela jendeari ikusarazteko zein garrantzitsua den garbitasuna, eta osasunaren eta garbitasunaren artean harreman estua dagoela, bai etxean, bai lantokietan eta bai kalean: “Zoritxarrez, honek ikusaraziko du ez kutsatzeko eta birusak ez hedatzeko garbitasunak eta higieneak daukaten garrantzia”.