Hondartzen denboraldiari ekiteko protokolo desberdinak lantzen dabiltza
Foru diputatuak Bizkaiko 23 udalerrigaz batera aurrera daroan lankidetzarako esparruan "agertoki eta protokolo desberdinak" lantzen ari direla adierazi du.
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, hondartzen denboraldiari ekiteko agertoki eta protokolo desberdinak lantzen ari dira. Elena Unzueta Uraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak “kontuz ibiltzea” eta pandemiaren bilakaeraren eta osasun arloko agintarien erabakien “zain egotea” eskatu du, “biztanleen artean nahasmena ez sortzeko”.
Foru diputatuak Bizkaiko 23 udalerrigaz batera aurrera daroan lankidetzarako esparruan “agertoki eta protokolo desberdinak” lantzen ari direla adierazi du. Beharrezkoa dela hori egitea dio, pandemiaren bilakaerak hala eskatzen duelako. Unzuetak astelehenean aurreratu zuenez, hartu beharreko neurriak “bere unean jakinaraziko dira”, eta gai horren inguruan dagoen nahastea “penagarria” dela esan zuen.
Lehen sektorea. Iraunkortsunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordea egin zuten astelehenan, eta hainbat gai landu zituzten: flora eta fauna, hondakinen kudeaketa, birusak saileko eta bere esku dagozan sozietateetako lantaldean izan duen eragina, ingurumen arloko delituak, lantaldeak babeserako izan dituen neurriak edota Bizkaiko nekazaritza-abeltzaintza sektorearen galerak.
Aldundiko bozeramaileak azaldu zuenez lehen sektoreari buruz talde politiko guztiek duten arduragaz “bat egiten” dute. Gainera, sektoreak bizirik eta aktibo jarraitzeko lanean ari direla ere esan zuen. Zehaztu zuenez, foru erakundeak interesik gabeko 7.500 euro arteko mikro-kredituak aktibatuko ditu autonomoentzat eta 5 behargin arteko enpresentzat. Lehen sektoreak Aldundiaren Enplegu Planaren laguntzak jaso eta Foru erakundeak hainbat zergaren atzerapenei buruz iragarri zituen zerga arloko neurriak eskuratu ahal izango ditu. Baserritarren aldeko ekintzen artean, tokiko kontsumoa bultzatzea eta beste administrazino publiko batzuekin negoziatutako urteko laguntza “guztiekin” jarraitzea daude. Laguntza horrek 18,5 milioi euroko inbertsiora heltzen dira.