Eako kutxazainari su eman diote gauerdian
Eraikinaren etxebizitzetako bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte, sua itzali bitartean. Segurtasun sailetik azaldu dutenez, "sute txikia" izan da, eta berehala itzali dute. Eako Udalak elkartasuna eta babesa adierazi die bizilagunei eta erasoa gaitzetsi du.
Segurtasun sailaren informazioren arabera, 00:10ak aldera Eako Denda kaleko Kutxabank-eko kutxazainari su eman diote:”Ertzaintza eta herriko aguazila berehala bertaratu dira eta sua itzaltzen hasi dira su-itzalgailu bategaz, eta segituan heldu dira suhiltzaileak. Horiek heldu direnerako ia itzalita zuten”. Suak kutxazainean eta banketxearen sarreran eragin ditu kalteak, baina eraikinaren goiko etxebizitzetan ez du eraginik eduki.
Eraikinaren etxebizitzetatik zazpi bizilagun atera dituzte, prebentzio neurri moduan. “Sua itzaltzeko behar izan duten denbora tartea egon dira etxetik kanpo”. Protokoloak agindu moduan, anbulantzia bat ere bertaratu da, baina ez dute inor artatu behar izan.
Sua “nahita piztu” dutela-eta, Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.
Eako Udalak elkartasuna eta babesa adierazi die bizilagunei, eta behar duten edozertarako udalaren “ateak zabalik” dituztela gogorarazi diete.
Kutxazain automatikoan eragindako sutea gaitzetsi du udalak: “Euskal presoen eta haien senideen egoera berez zaila izanik, eta bizi dugun krisi soziosanitarioak are gehiago zaildu duela jakinda, horrelako ekintzak lekuz kanpo daudela adierazi eta ez dutela laguntzen azpimarratu nahi dugu”. Izan ere, Patxi Ruizen aldeko mezua egin dute kutxazainean. Murtzia II espetxean dagoen Iruñeko preso politikoak mehatxuak salatu zituen funtzionarioen partetik, maiatzaren 9an presoek euren egoeragatik protestatzeko egindako elkarretaratze baten ondoren. Hori dela-eta bere buruari zauriak egin zizkion beso batean eta astelehenean gose eta egarri grebari ekin zion.
Halaber, gogoratu dute azken asteetan kudeaketak egiten dabiltzala bulego horrek “jende nagusiari zerbitzua eskaintzeko” eta horrelako ekintza batekin “herritarrak kaltetu nagusiak” direla azpimarratu dute.