Urdaibain egingo dute Omako basoaren erreplika
Lorea Bilbao foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan azaldu duenez, Agustin Ibarrolak sortutakoaren "esanahia" Busturialdeko zein kanpotik datozen bisitarien esku egotea bermatu gura dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak Omako Basoaren artelanak Urdaibai Biosfera Erreserbaren beste gune batera lekualdatuko du. Foru erakundeak esan duenez, Agustin Ibarrolak sortutakoaren “esanahia” Busturialdeko zein kanpotik datozen bisitarien esku egotea bermatu gura du. Lorea Bilbao Euskera, Kultura eta Kiroletako foru diputatuak gaur batzar Nagusietan esan duenez, koronabirusaren krisiak leku barria aukeratzeko lanak baldintzatu ditu. Hala ere, lanak ahalik eta arinen hasiko dituztela jakinarazi du, besteak beste, behin betiko leku barria eta ideia artistikoa aukeratzeko eta aurrekontua aurkezteko.
Artelanaren euskarri diren pinuak “banda marroia” izeneko gaixotasunak jota daudelako eta “euren bizitza zikloaren amaierara gerturatzen” ari direlako hartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak Ibarrolaren basoaren kontzeptu artistikoa lekuz aldatzeko erabakia. Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak eman zuen erabakiaren berri otsailean, Agustin Ibarrolaren semearekin batera emandako prentsaurrekoan.
Lorea Bilbaok Aldundiak familiagaz daukan konpromisoa bideratu die gaur [maiatzak 13] Batzarretako taldeei. Argi utzi du, baina, Ibarrolak Kortezubiko basoan egin zuen artelanaren erreplika zehatza egitea “ezinezkoa” izango dela. Beraz, margolanen erreprodukzinoa baino gehiago, helburua “kontzeptua lekuz aldatzea” izango dela esan du.
Elkarrekin Bizkaiak eskatu du artelana ez dadila pinudi batetara lekualdatu, espezie horrek basoaren kudeaketa eredu “zaharkitua” irudikatzen dauelako. Helburua artelan berriaren “iraunkortasuna” hobetzea izan behar dela gogorarazi du.