"Jendeak bilauak bilatzen ditu konfinamendua zorrotz betetzen ez dituztenen artean"
Psikologoa da Nahia Idoiaga, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Gernika-Lumon bizi da, eta konfinamenduak jendearengan duen eragina ikertzen ari da, beste hainbat aditurekin batera: Naiara Besarategi, Amaia Eiguren, Maria Dosil, Maitane Picaza eta Naiara Ozamiz ditu bidelagun; gehienak KideONikerketa taldekoak. Martxoaren 12a inguruan nabaritu zuten ikasleak oso urduri zeudela, eta ikertu beharra zegoela pentsatu zuten. Sareen bidez zabaldu dute galdetegia, Hego Euskal Herrian, eta nagusi eta umeenak bereizi dituzte. Izan ere, umeen egoera bereziki zahurgarria zela ohartu ziren, «lehenengoak izan dira etxean sartzen, eta inolako arreta sozialik ez dute izan».
Emaitzak jasota, zein ondorio atera dituzue helduen konfinamenduari dagokionez?
Esan beharra daukat Aste Santu ostean beste pasaketa bat egin genuela, martxoko lehenengo aste horretatik aldaketarik zegoen ikusteko.
Eta aldaketarik nabaritu duzue?
Bai. Oraindik datu denak ez ditugu aztertu, baina depresioa, antsietatea eta estresa neurtzeko eskala bai aztertu dugu. Muturreko egoeretan emozionalki ateratzen diren aldagai garrantzitsuenak izaten dira, eta ikusi dugu areagotu egin zirela. Adierazgarria da hasierako deskribapenetan, orokorrean, jendeak gaixotasuna Txinarekin lotzen zuela. Hala ere, ideia horri buelta eman zioten ohartzean ez zela bakarrik Txinarekin lotutako gaixotasun bat. Hasieran beti saiatzen gara beste inoren gain jartzen fokoa, baina gaixotasuna gugan zegoenean hori aldatu eta biktima, bilau eta heroien baloreak hasi ziren azaleratzen. Heroiak medikuak eta zientzialariak izan dira; eta biktimak, kutsatu den jendea eta populazio orokorra, etxean gelditzearen derrigortasunagatik eta ondorio ekonomikoengatik… Beraz, aurreko ikerketetan ikusi ez dugun biktima kolektiboaren figura atera da oraingoan. Azkenik, bilauak normalean komunikabideak edo gobernuak izaten dira. Koronabirusaren kasuan, egia da hasiera batean bazegoela sare sozialekiko eta komunikabideekiko kexa bat bonbardaketa informatiboagatik. Baina hori aldatzen joan da, eta bestelako bilauak agertu dira. Jendeak bilauak bilatzen ditu gizartean bertan, urruntze soziala edo konfinamendua zorrotz betetzen ez dituztenen artean, eta polizia kutsua hartu dute herritarrek. Hori kontuan hartzekoa da, gizartea eraman dezakeelako bata bestearen kontra egitera osasun larrialdi egoera baten erdian. Litekeena da, baita, polizia lanetara eraman izana, nahita. Esan beharra dago osasun langileen kontrako erasoak adierazgarriak izan direla.
Zeintzuk ziren ikerketaren ardatzak edo neurtu beharreko aldagaiak?
Bi zatitan banatu genuen. Gure lana, batetik, gizarte irudikapenetan oinarritzen da; hau da, gauzak diren moduan ulertu beharrean, jendeak nola ulertzen dituen da gizarte irudikapena deritzoguna. Berdin dio birus hau arriskutsua izatea guk ez badugu arriskutsu ikusten. Beraz, guk gizarte irudikapena neurtu gura genuen eta, horretarako, asoziazio askeko ariketa bat erabili genuen: eskatu genien koronabirus hitza entzuterakoan burura zetorzkien lehenengo lau berbak esateko, eta gero, berba horietako bakoitza argumentatzeko. Asoziazio aske horren bidez ikusi ahal izan dugu zeri ematen dioten garrantzia. Gero, beste eskala zientifiko batean neurtu genituen antsietatea, depresioa eta estresa. Bi aldeak nahi genituen. Mila erantzun inguru batu ditugu, eta uste dut lagin polita dela.
Egoera honen arduraduntzat edo erruduntzat du gizarteak bere burua?
Helduen artean errudun sentimendu hori ez da hain nabaria izan, baina bai gizartean neurriak errespetatzen ez dituztenekiko. Hala ere, eztabaidagarria izan daiteke norbaitek kalean egoteko aitxakiarik duen ala ez. Umeen artean bai, erruduntzat dute euren burua, baina helduen artean, norberaren erruduntasuna baino, errudun kolektiboak bilatu dituzte. Gobernua agian erruduntzat joko dute epe luzera, baina hasiera batean, erantzuten zutenentzat haien besteko sakrifizioa hartzen ez zuten beste denak ziren errudunak. Hori arriskutsua da, inork ez dakielako besteek zelako sakrifizioak egiten dituzten. Eta ez du etenik izan. Instituzioetatik bultzatu den edo ez, elkarbizitzarako eta lasaitasunerako neurririk ez da eman.
Eta eman behar ziren agintarien aldetik?
Bai. Edo kasu batzuetan sutilagoa ere bada. Egunero eman dituzte komunikabideetan isunen parteak. Neurri disuasorio bat izan daiteke. Baina, bestetik, egunero jakin izan dugu zenbat jende kutsatu den, zenbat hil diren, zenbat isun ipini dituzten eta zenbat jendek ez dituen neurriak errespetatu; batzuetan, kasu konkretuekin. Ez dakit elkarbizitzarako estrategiarik onena den.
Instituzioek ez dute elkarbizitzarako neurririk hartu”
Pandemiak komunikazio tresna denetan izan duen presentzia esklusiboak kalte edo on egin dio gizarteari?
Egia da hasierako galdetegitik jasotakoari dagokionez, komunikabideen bonbardaketa negatibotzat hartu izan dela, batez ere, gazteen artean, komunikabideetan aktiboenak direnak. 35 urtera arteko pertsonengan somatu dugu estres, antsietate eta depresio mailarik altuenak. Arrazoietako bat izan daiteke bonbardaketa informatiboaren eragina. Baina, beste alde batetik, komunikatzaileak gizartearen ahotsa dira, eta krisi honetan gizarteak ez ditu oso ondo ulertu hartu diren neurriak. Egun batetik bestera ikastetxeak itxi zituzten, baina umeak kalean zeuden, Gasteizen. Orain ere, hartzen dituzten neurriak nahiko kontraesankorrak dira, eta egia da komunikabideak direla tresna instituzioen eta gizartearen arteko komunikaziorako. Agintariei galdetzeko komunikabideak dira bozgorailuak. Gainera, jakina da holako krisietan baliagarria izan daitekeela mediku eta zientzialariei ere ahotsa ematea, agintarien diskurtsoak berresteko edo kontrastatzeko. Horrek lasaitu egiten gaitu.
Gaur egun dituzuen emaitzak aztertuta, gizartea kementsu al dago?
Aste Santu inguruko emaitzak ditugu eta deigarriena da antsietatea, depresioa eta estresa bereziki gazteen artean eman dela, 35 urtetik beherakoengan. Beraien bizimodua eten egin da guztiz, asko ikasleak dira eta ikasketak aidean geratu zaizkie… Hasiera batean estres maila oso altua zen gazteengan. Orain, konfinamendua luzatzen doan heinean, erdi mailako populazioan ere badoaz hazten estres, antsietate eta depresio mailak. Uste dut krisi ekonomikoak horretan ere eragin handia duela. Bestalde, zentzu batean, harrigarria ere bada 60 urtetik gorako pertsonek eman dituztela estres, antsietate eta depresio mailarik baxuenak. Baina azken horien artean bestelako emozioak agertu izan dira, adibidez, bakardadearena.
Ezin dugu esan uneoro txarto gaudela esaten; baina egoera hau inoren gustukoa ez da. Kritika puntu hori galtzea ez zait osasuntsua iruditzen”
Erantzun logikorik dauka adinekoek depresio maila baxuagoak emateak?
Bai, baina kontuan izan behar da gure lagina zein izan den. Inkesta sare sozialen bidez zabaldu dugu, eta parte hartu duten pertsona helduak, heldu aktiboak dira, eta helduen artean nahiko gazteak. Askok atxikitzen dizkiete gaixotasunak beraiek baino zaharragoak diren pertsonei, eta harrigarria iruditu zaigu. Azken finean, arintze neurriak hartu arte ez da zehaztu adin tarterik adineko pertsonak zeintzuk ziren esateko. Agian bestelako emozio batzuk sentitzen dituzte: bakardadea, tristura… eta beste eskala batekin neurtu behar dira. Ardura, euren buruekiko barik, zaintza sareekikoa zen: zer gertatuko den bere seme-alabekin; zelako etorkizuna izango duten lobek… Bizitza ulertzeko modu desberdina izan daiteke.
Elkarrizteka batean aipatzen zenuen diskurtso positiboetatik harago, kexatzeko eskubidea ere badutela herritarrek.
Hasiera batean haserraldia nabaria zen, eta gero barnekoa izatera pasatu zen. Sare sozialekin lotuta dago, handik hartzen dugulako mundu perfektuaren irudia; hau da, badirudi balkoian mozorrotuta dantza egin ez duen hori ez dela inor; edo baserrian gustura egotearen irudia ere asko agertu da. Baina jende asko gaizki ari da pasatzen. Ikuspuntu positiboa atera behar zaio, bai, eta ezin dugu esan uneoro txarto gaudela esaten; baina egoera hau inoren gustukoa ez da. Kritika puntu hori galtzea ez zait osasuntsua iruditzen.