Ikastolen Elkartea: "Gure jardueran ikaslea erdigunean izanda, horren arabera hartu behar ditugu erabakiak"
Hezkuntza sistemari buruzko erabakiak bertotik diseinatzea positibo ikusten du Ikastolen Elkarteak, baina uste du ikasleak ikasgeletara itzultzea Eusko Jaurlaritzak hezkuntza eragileekin landu behar duen erabakia dela, eta irizpide propioetan oinarrituta hartu behar dela.
Ikastola Elkartearen ustez, gainera, taldeen arabera baino, ikasleen egoeraren araberako erabakia hartu beharko litzateke. “Egoera zailetan bizi diren ikaslek jaso (eta jasoko) dute kalterik nabarmenena; ondorioz, ikasturte bukaerako plangintza horiengan zentratu beharko litzateke, eta ez ikasle guztiengan”. Era horretan, egon diren desorekak zuzentzen saiatu beharko liratekeela nabarmendu dute.
“Egoera zailetan bizi diren ikaslek jaso (eta jasoko) dute kalterik nabarmenena; ondorioz, ikasturte bukaerako plangintza horiengan zentratu beharko litzateke, eta ez ikasle guztiengan”
Neurriei dagokienez, egokia iruditzen zaie ikasgeletara itzuli beharko duten mailen kopurua mugatu izana, baina langileen eta ikasleen segurtasuna bermatzeko, uste dute Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleek ez zuketela itzuli behar. “Horrek lagunduko liguke Hezkuntza Sailak aurkeztu dizkigun segurtasun arauak zehatzago betetzen”. DBH 4koen itzulerak ze helburu duen galdetu dute: “Gelditzen denerako, merezi du halako aztoramenduak?”.
“Langileen eta ikasleen segurtasuna bermatzeko, Ikastolen Elkarteak uste du Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleek ez zuketela itzuli behar”
Segurtasun materiala. Langileen eta ikasleen osasuna bermatu ahal izateko Hezkuntza Sailak ikastetxeei emango zaien materialari dagokionez, ikastetxe guztiei eman behar zaiela iritzi diote, eta ez ikastetxe publikoetara mugatu. “Osasun arazo orokor baten aurrean gaude, eta Sailak bermatu beharko luke ikastetxe guztiek izango dituztela material horiek, titulartasuna edozein dela ere”.