Aritzatxu eta kanposantua zabaldu dituzte
Aritzatxun, bakarkako ur kirolak bakarrik egin daitezke. Kanposantuan, edukiera kontrolatuko dute sarreran.
Bermeoko Udalak Aritzatxu hondartza eta kanposantua zabaldu ditu. Hala ere, azaldu dutenez, bi horiek bisitatzeko baldintzak egongo dira, “uneoro, osasun eta segurtasun neurriak bermatu beharko diralako”.
Aritzatxun bakarkako ur kirolak bakarrik egin daitezke, ezin daiteke bainu librerik hartu. Gogorarazi dute soroslerik ez dagoela, eta uretan sartzea “norberaren ardura” izango dela.
Kanposantuan, berriz, sarreran bertan edukiera kontrolatuko dute, jende pilaketak ekiditeko. Ordutegia honakoa izango da:
- Astelehenetik barikura: 08:00-20:00.
- Zapatua: 08:00-14:00.
- Dometa eta jai egunak: zarratuta.
Udaletik herritarrei eskatzen die “arduratsuak” izan daitezen.