Neurri malguagoak, baina ez espero bestekoak
Jaurlaritzak lehenengo faserako hartutako neurriak argitaratu ditu. Zapatuan iragarritako neurrietan zenbait aldaketa izan dira; besteak beste, herri barruan mugitzeko kilometro bateko muga kendu dute.
Lehenego fasean da Hego Euskal Herria. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek fase berri honetan nola jokatu behar duten zehaztu du Eusko Jaurlaritzak, eta maiatzaren 11ko datarekin argitaratu duen dekretuan zehaztu ditu neurri berriak. Orain artekoak baino malguagoak dira, baina ez Espainiak lehenengo faserako zehaztu dituen bestekoak.
Hiritarren mugikortasuna mugatua izango da oraindik fase berrian. Dekretuaren arabera, herritarrak erkidegoko hiru lurralde historikoen artean mugitu ahal izango dira bakarrik osasun, lan, lanbide edo enpresa arrazoiengatik; ohiko bizilekura itzultzeko; hezkuntza eta prestakuntza arrazoiengatik; adinekoak, mendekoak, desgaituak edo premia egoeran dauden senitartekoak bisitatzeko, zaintzeko eta artatzeko, edota antzeko arrazoeingatik bada. Era berean, «ohiko joan-etorriak egiten diren udalerri mugakideen arteko mugikortasuna» baimendu du, jarduera sozioekonomikoak egin behar diren kasuetan.
Herri barruan bada, argitaratu berri duten dekretuak dio ez dagoela distantzia mugarik, eta etxe berean bizi diren lagun guztiek batera ateratzeko aukera izango dute. Ordu tarteak berdin mantenduko dira: paseatzeko eta kirola egiteko: 6:00etatik 10:00etara, eta 20:00etatik 23:00etara, helduen kasuan; 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenentzat eta 70 urtetik gorakoentzat; eta 12:00etatik 19:00etara, 14 urtetik beherako haurrentzat. Azken horiek gehienez ordubete egon ahalko dute kalean, orain arte legez.
Jarduera soziokonomikoei dagokienez, tabernek terrazak zabaltzeko aukera izango dute, aforoa mugatuta. Dendek bezala, ez dute ordutegi mugarik izango, eta 06:00etatik 23:00etara zabalik egon daitezke. Kultur jarduerei dagokionez,bigarren fasera arte ez dira baimenduko.
Kirola, ondoko herrietan ere. Kirola egiteko ordutegia mantendu du Jaurlaritzak, baina ondoko herrietara joateko baimena eman du. Hala, herri bateko bizilagunek euren udalerriekin muga egiten duten herrietara joateko aukera izango dute, lasterka, bizikletan edo menditik oinez, beti ere, bidea euren udalerrian hasten badute.
Gimnasio pribatuek ere irekitzeko aukera dute gaurtik, eta herritarrek erabili ditzakete euren udalerrian edo albokoan badaude. Hori bai, aurrez txanda eskatu behar da. Erakunde publikoek kudeatzen dituzten kirol instalazioek, berriz, itxita jarraituko dute.