Hamabost kasu berri antzeman dituzte asteburuan, Busturialdean
Guztira, eskualdean, 350 dira koronabirusaren proban positibo eman dutenak. Halaber, bihar Erizaintzaren Nazioarteko Eguna dela eta, euren lana eskertu du osasun sailak.
COVID-19an positibo eman duten eskualdeko herritarrei dagokionez, hamabost kasu berri zenbatu dituzte asteburuan. Barikura arte 335 pertsonak eman zuten positibo, baina asteburuan kasu berriak antzeman dituzte, eta, guztira, 350 dira positiboak.
Azken kasu berriak Bermeon (5 gehiago), Gernika-Lumon (sei gehiago), Mundakan (kutsatu bat gehiago), Busturian (kutsatu bat gehiago) eta Foruan (bi kutsatu gehiago) zenbatu dituzte. Guztira, Bermeon 137 kasu daude, Gernika-Lumon 85, Mundakan 49, Busturian 43, Elantxoben eta Foruan bost, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun launa, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Mendatan, Muxikan, Nabarnizen eta Sukarrietan bina eta Ereñon eta Errigoitin, berriz, bana.
Gaur emandako datuen arabera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, atzo 2.095 proba egin zituzten, eta 11 kasu berri baieztatu zituzten PCR bidez; horietatik 10 Bizkaian eta bakarra Araban. Orain arte, 134.047 PCR eta 76.696 test azkar egin dituzte.
Hala, COVID-19 kasu baieztatuen kopurua 17.709 da, eta horietatik %83,1 berreskuratuta edo alta emanda daudela jakinarazi du osasun sailak. Atzo, baina, beste 5 heriotza erregistratu zituzten Bizkai, Araba eta Gipuzkoan; orain arte, 1.423 heriotza izan dira orotara. Horrez gain, 438 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino 3 gehiago), horietatik 368 solairuko geletan eta 70 ZIUn.
Erizainei aitorpena. Bihar Erizaintzaren Nazioarteko Eguna dela eta, Jaurlaritzako osasun sailak eskerrak eman dizkie koronabirusaren epidemian herritarrak zaintzen ari diren erizainei, “euren ahaleginagatik eta konpromisoagatik”.
OMEk 2020. urtea erizainen nazioarteko urtetzat izendatu zuen, eta kolektibo horren ekarpena funtsezkoa izan da COVID-19aren aurkako borrokan.
Osasun-larrialdi honetan 900 erizain baino gehiago mobilizatu dira Osakidetzako kritikoen eta ospitaleratzeen unitateei laguntzeko. Hainbat eremutatik iritsi da laguntza hori, hala nola, ebakuntz geletatik, pediatriatik, kanpo kontsultetatik, lehen mailako arretatik eta osasun mentaleko arretatik; erizain egoiliarrek ohe gehigarriak irekitzeko taldeetan parte hartu dute.
Halaber, 56 erizain eta erizaintzako 70 ikaslek call center-en lagundu dute. Bertan, Osakidetzako profesionalen kontsultei erantzun diete, eta erkidego osoko egoitza soziosanitarioei eman diete laguntza; hala, pandemia hasi zenetik, 34.557 dei baino gehiagori erantzun diete –Osasun Aholkuan erantzundakoak kontuan hartu gabe–.
Paziente eta familiei laguntza emateko programen buru izan dira baita ere, eta isolatutako pazienteekiko lotura izan dira. Ikuskatzaile eta erdi-mailako arduradunek, gainera, ospitalak berrantolatu dituzte, eta baliabide materialen eta giza baliabideen logistika eta kudeaketaz arduratu dira. Asistentzia-zirkuitu berriak sortzeko ere funtsezkoa izan da euren lana.