Jaurlaritzak koronabirusaren transmisioa saihesteko gomendioen gidaliburu bat argitaratu du
Bestalde, domekan emandako datuak mantentzen dira Busturialdean. Gaurko datu ofizialen arabera, eskualdean 330 pertsonak eman dute positibo COVID-19aren proban.
Miren Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban koronabirusaren transmisioari aurrea hartzeko gomendioen gida bat aurkeztu du gaur eguerdian, Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan. Liburuxka horrek, gomendio orokorrez gain, lantokietan zelako jarrera agertu behar den, maskara zelan eta non erabili behar den edota garraio publikoak erabiltzean edo erosketak egitera joatean zeintzuk babes-neurri hartu behar diren azaltzen duen informazioa eskaintzen du.
Murgak aurreratu duenez, gidaliburuan azpimarratzen da, arrisku taldeek muturreraino eraman behar dituztela neurriak, hala nola haurdun daudenek, 60 urtetik gorakoek eta gaixotasunak dituztenek (hipertentsio arteriala, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, biriketako gaixotasun kronikoak, tratamendu aktiboan dagoen minbizia, immunodepresioa eta abar).
Bestalde, pertsona batek sintoma jakin batzuk baditu: eztula, eztarriko mina, 37º-tik gorako sukarra, airea falta den sentsazioa edo usaimena galtzea, kutsatuta egon litekela azaldu du, eta kasu horretan, “bakartuta geratu beharko du eta osasun-zentroarekin harremanetan jarri”. Gaixotasuna berresten bada, gainera, hurbileko kontaktuei ere jakinarazi beharko zaiela aitatu du.
350.000 liburuxka baino gehiago banatuko dituzte Osakidetzako zentroetan, farmazietan eta udalen bidez. Jaurlaritzaren webgunean ere eskuragarri egongo da.
Egoerak hobera egin badu ere, tentuz jokatu behar dela adierazi du Osasun sailburuak. “Denon laguntza behar dugu epidemiari aurre egiteko”.
Bestalde, COVID-19an positibo eman dutenen herritarrei dagokionez, domekan emandako datuak mantentzen dira Busturialdean (zapatutik domekara bi kasu gehiago egon ziren). Gaurko datu ofizialen arabera, eskualdean 330 pertsonak eman dute positibo Koronabirusaren proban. Bermeon 129 positibo daude, Gernika-Lumon 78, Mundakan 48, Busturian 42, Elantxoben bost, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun launa, Foruan, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Mendatan, Nabarnizen eta Sukarrietan bina eta Ereñon, Errigoitin eta Muxikan bana.