Gustura kontsumitu den Berakatz Zopa
Busturialdeko ekimenen zabalkundea egin duen plataformak asteburuan emitituko ditu azken saioak. Ziber-festibala antolatzen ari dira, lehenengo faseari amaiera borobila eman asmoz
Busturialdean prestatu eta Busturialdean jan. Berakatz Zopa herritarren gustukoa izan da, eta gustura kontsumitu dute hainbatek konfinamendua hasi eta joan den astera arte. Eguneroko menuan, ezinbestekoa. Martxoaren hirugarren astetik gaur arte, ia 80 zuzeneko emititu ditu Berakatz Zolpa Tv-k, streaming bidez. Harrera ona izan du ekimenak, eta fase honi amaiera emateko sasoia heldu dela erabaki dute. “Guk, antolatzaileok ere, atseden hartzeko beharrizana dugu; azken finean, aste hauetan egunero egon garelako hau guzti hau antolatzen: edukiak igo, kartela prestatu, testua idatzi, zuzenekoak kudeatu..”, azaldu dute.
Berakatz Zopa tv. sortzeko batu ziren elkarte zehatz batzuk eta norbanakoak: Astra, Iparragirre, Nuntxaku, Trinkete Antitxokoa. “Lekuek festibala bertan behera geratu zen alarma egoeragatik, eta kultur ekintz asko azkenean ezin izan zituzten burutu”. Egoera horretan, jendeari etxeko egonaldia eramangarriago egin asmoz, alternatibak bilatzeari ekin zioten. “Beste hainbat herritan ikusi genuen streaming bidezko programazioak egiten zituztela, eta guk ere posible genuela horrela egitea”.
WhatssApp talde batean sortu zen dena, eta aste guzti hauetan jendea entretenituta egotea ere lortu dute. “Zuzeneko bat prestatu behar izateak lanketa bat eskatzen du. Entretenimendua, beraz, bai artistarentzat zein ikusle bezala etxean dagoenarentzat izan da”, argitu dute.
Amaiera borobila, asteburuan. Bi asterako izan behar zena denboran luzatu dute antolatzaileek, alarma egoera ere luzatzen joan den heinean: “Zerbait potentea egitea lortu genuen, eskualde mailakoa. Gernika-Lumoko elkarte batzuk hasi ginen mugitzen, baina Bermeoko jendea ere batu zitzaigun. Parte hartu duen jendea, gainera, herri desberdientakoa izan da. Parte hartu dutenek, gainera, ilusio handiarekin hartu dute ekimena. Dena berez joan da, eta proposamen asko heldu zaizkigu”. Domekan [maiatzak 3] izan zen azken emanaldia, baina asteburrako zerbait berezia prestatzen ari dira. Maiatzaren 9an eta 10ean izango dira etapa honetako azken emanaldiak, eta ziber-festibal antzeko zerbait egitea da antolatzaileen asmoa. Programazio zabala eta erakargarria prestatu gura dute, fase honi amaiera emateko. Hala ere, esan dutenez ez da behin-betiko agur bat izango. “Aurrerantzean kultur aretoak zabaldu eta zuzeneko emankizunak egiten hasiko dira, baldintza zehatz batzuekin. Baina ezer zehatzik ez dakigu, eta pentsatzekoa da Berakatz Zopa ere horretara moldatzen joango dela”. Kulturari eta sorkuntzari zabalkundea emateko beste euskari bat izatea da asmoa, eta ikusi dute harrera ona duela.
“Jendeak Berakatz Zopa hartzea euren gauzak emititzeko plataforma bezala ere interesgarria da”, esan dute. Bonbardaketaren egunean, adibidez, Lobek bertatik emititu zuten zuzenean. Urgatz musika taldeak ere Berakatz Zopa kanalean egin zuen bideo-klip berriaren aurkezpena. “Kanal erreferentea bihurtu da eskualde mailan. Jarraitzale nahiko ditu kanalak eta gauzak plazaratzeko euskarri interesgarria da”.