Aurtengo maiatzeko kalejirak balkoietatik egingo dituzte
Lehenengo hitzordua domekan izan zuten Mundakako txistulariek; 11:00tan eman zioten hasiera bolanderekin.
Mundakako txistularientzat ohitura da maiatzeko domeketan kalejirak egitea. Aurten, hala ere, ezinezkoa dute ohiko kalejirak egitea. Txistu eta danbolin doinuen falta ez dute gura, eta herritarrak deitu dituzte txistulariekin batera, balkoi edo leihoetara atera daitezen, aurtengo kalejira bereziak egiteko.
Partiturak prestatu dituzte, eta interesa daukatenek 688 88 45 60 telefono zenbakira deitu ahalko dute horiek eskatzeko; posta elektronikoz edota WatsApp bidez bidaliko dizkiete gura duten horiei guztiei. Mundakako Udalaren webgunean (www.mundaka.org) ere aurki daitezke, bai eta udalaren sare sozialetan ere.
Domekan eduki zuten lehenengo hitzordua. 11:00tan hasten dira, lehenik eta behin hiru bolandera botatzen dituzte. Ondoren, abesti bakoitza behin bakarrik jotzeko deia egin dute, eta abesti batetik bestera bost minutuko tartea utzi beharko dute txistulariek.
Domekak
Maiatzak 3. Alborada Mayo eta Uso Zuria jo zituzten.
Maiatzak 10. Alborada Mayo, Uso Zuria eta Haurtxo Danok.
Maiatzak 17. Alborada Mayo, Uso Zuria, Hautxo Danok eta Elizondo.
Maiatzak 24. Alborada Mayo, Uso Zuria, Hautxo Danok, Elizondo eta Gora.
Maiatzak 31. Alborada Mayo, Uso Zuria, Hautxo Danok, Elizondo, Gora eta Alborada Segura Plegariakin.