Administrazio publikoko langileak lantokietara bueltatuko dira astelehenean
Oraingoz, ez dute lantokira itzuli beharko "bereziki sentikorrak diren" taldeetakoak eta haien kargu bakarrera 14 urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak dituztenak.
Eusko Jaurlaritzaren administrazio publikoko langileak lantokietara modu ordenatuan, mailakatuan eta segurtasun baldintza zorrotzak betez itzuliko dira astelehenean [maiatzak 11].
Baina, salbuespenak daude. Covid-19arekiko “bereziki sentikorrak” diren taldeetako pertsonek eta 14 urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak haien kargura dituzten langile publikoak ez dira momentuz lantokietara joango: “Zaintza hori behar bezala justifikatu beharko da, eta nahitaezko eginbehartzat joko da. Soilik posible izango da bikotea osatzen duen beste pertsonak ezin dituenean pertsona horiek haren kargu hartu”, azaldu du Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak.
Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Telelan Programa luzatuko dute, “beste ebazpen batera arte”. Programa horren parte diren pertsonak, beraz, ez dira lantokietara bueltatuko, baliabide tekniko guztiak eta ebaluazio profesionalerako sistema guztiak dituztelako, “haien egiteko ez-presentziala berme osoz” betetzeko.
Itzulera mailakatu horretan, herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen dieten zerbitzuak izango dira normaltasunera itzultzen azkenak. “Eusko Jaurlaritza administrazio-prozedura guztiak aztertzen ari da, zehaztu nahi da zer prozedura bidera daitezkeen soilik bide telematikotik eta saihestu nahi da jendea administrazio-bulegoetan egotea”, esan du Erkorekak.
Erkorekak gaur aurkeztu du Gobernu Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako langileak lan presentzialera itzultzeko planaren zirriborroa. Kontingentzia Plana egin dute, eta horrek uztartuko ditu, batetik, zerbitzu publikoa egitea eta, bestetik, zorroztasunez errespetatzea osasun-agintariek birusaren hedapena saihesteko emandako jarraibideak.
Euskadiko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako negoziazio kolektiborako mahaiko bileran bilduta zeuden ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei plana aurkeztu dietela zehaztu du Erkorekak. Horrez gain, atzo koordinazio bilera egin zuen erkidegoko sektore publiko osoak, “hilaren 11tik aurrera guztiek norabide berean aurrera egiteko”.
Lantokietarako itzulera Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuarekin koordinatuta egingo dute, zerbitzu horrek arrisku-egoerak ebaluatu dituelako. Zerbitzu eta lanpostu bakoitzerako prebentzio neurriak ezartzen ari dira, eta neurri horiek etengabe eguneratuko dituztela jakitera eman du Erkorekak. Pertsonen pilaketak saihestea da helburuetako bat, eta langileek derrigorrez 2 metroko tartea mantu beharko dute euren artean.
Azaldu duenez, Jaurlaritzaren zerbitzu-zuzendaritza bakoitzak, eta erakunde autonomoetako langileak kudeatzeko organo bakoitzak, lan mota bakoitzerako antolamendu neurri propioak eta bereziak zehaztu eta jakinarazi beharko ditu aste honetan. Lan hori errazteko, etengabe eguneratuko dituzten jarraibide orokorrak eman dituzte:
- Sarbidea kontrolatuko dute, sarbideko tornuetan pertsonen pilaketak saihesteko.
- Haien lan motagatik nahitaezko 2 metroko tartea mantendu ezin duten langileei maskarak eta norbera babesteko ekipamenduak emango dizkiete.
- Debekatuta daude funtsezkoak ez diren lan bilera presentzialak.
- Igogailuko bidaia bakoitzean pertsona batek soilik bidaiatu ahal izango du.
- Eusko Jaurlaritzako lantokietako jantoki-zerbitzuek bertan behera jarraituko dute.
- Lan-espazioen higienerako eta garbiketarako plan bereziak aplikatuko dituzte.
- Langileen esku jarriko dituzte norberaren higienerako produktuak.
- Uniformea eskatzen duten lanpostuetarako higiene-protokoloak prestatu dituzte, uniformeak tenperatura handiko garbiketa-gunera eramateko eta abar.
Horrez gain, Osasun Publikoko Zuzendaritzak lantokitik urrun bizi diren langile gomendatu die joan-etorriak ibilgailu pribatuetan egiteko eta garraio publikoko edo itundutako bidaiak ahalik eta gehien murrizteko.
Bestalde, aurrez aurreko arreta ematen hasten direnerako ere prestatuko direla aitatu du Erkorekak. Ahal den lekuetan, “babes kolektiborako manpara babesleak” ipiniko dituzte, hitzordu-sistemak ezarriko dituzte, bulegoetan jende pilaketak saihesteko eta urruntzea bermatzeko, eta gel hidroalkoholikoen banagailuak ipiniko dituzte jendea biltzen den guneetan. Herritarrei aurrez aurreko arreta eskaintzen zaien espazioen garbiketarako plan espezifikoak prestatuko dituztela iragarri du.
Ia bi hilabete. Sailburuak gogora ekarri du martxoaren 17an, Osasun Publikoaren arloko agintaritzaren gomendioei jarraituz, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuela bere eraikinetan ahalik eta gehien mugatzea langile publikoen presentzia. Orduz geroztik, eta gaur arte, lan presentziala % 20ra murriztu dutela esan du: “Une honetan, funtsezko zerbitzu publikoa egiteko behar-beharrezkoak eta ezinbestekoak diren pertsonak soilik joaten dira lantokira”.