Osasun sailak eta Osakidetzak Osasun Mundu Erakundearen programa erabiliko du kasuen ikerketa eta kontaktuen jarraipen azkarra egiteko
Go.Data izeneko erabilera libreko programa instalatuko dute Osasun Publikoko eta lehen mailako arretako langileen ordenagailuetan, kasuak eta kontaktuak azkar aztertzeko, behar bezala isolatu ahal izateko.
Gaur jakitera eman dutenez, Osasunaren Mundu Erakundearen programa erabiliko dute kasu berriak eta haien kontaktuak aztertzeko eta horien jarraipena egiteko, isolamendu egokia bermatze aldera: “Identifikazio goiztiarra eta jarraipena beti izan dira funtsezkoak epidemia kontrolatzeko. Eta orain, epidemiaren fase berri honetan, gehiago izango da”.
Go.Data izeneko erabilera libreko programa instalatuko dute Osasun Publikoko eta lehen mailako arretako langileen ordenagailuetan, kasuak eta kontaktuak azkar aztertzeko, behar bezala isolatu ahal izateko.
Azaldu dutenez, brote berriak saihesteko bidea sintomak dituzten pertsonei PCR testa egitea da kasuak goiz detektatzeko eta Osasun Publikoan eta Lehen Mailako Arretan azkar esku hartzeko. Programa honek urrats horiek guztiak eta kontaktu-kateen jarraipena erraztuko dituela deritzote, eta datorren astean Araban martxan egotea espero dute: “Programa honek gauzak are gehiago erraztuko ditu, gai honetan lanean ari diren langile guztiei informazioa denbora errealean izateko aukera emango baitie”.
Herritarren lankidetza. Hautemate goiztiarreko sistemak funtzionatzeko, herritarren laguntza behar dela azpimarratu dute Osasun sailaren arduradunek. Horregatik, norbaitek eztula, sukarra, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasuna edo usaimen-falta bezalako sintomak baditu, etxean isolamenduan geratu eta osasun-zentrora deitu behar duela gogora ekarri dute, beste behin.
Gaurko datuak. Osasun sailak gaur eguerdian emandako datu ofizialen arabera, COVID-19aren 15.969 kasu positibo baieztatu dituzte, eta horietatik %71,3 dira gainditu edo alta emandakoak. Atzo 16 pertsona hil ziren gaixotasunaren ondorioz, “orain arte, 1.312 heriotza utzi ditu Korobanirusak”. 636 pertsona daude ospitaleetan, horietatik 95 ZIUn eta 541 solairuko geletan.
Busturialdeari dagokionez, gaurko datu ofizialen arabera, 320 pertsonak eman dute positibo COVID-19aren proban (atzoko dautekin alderatuta, sei kasu gehiago). Bermeon 125 positibo daude, Gernika-Lumon 77, Mundakan 49, Busturian 42, Elantxoben bost, Gautegiz Arteagan eta Ibarrangelun launa, Foruan, Kortezubin eta Morgan hiruna, Arratzun, Mendatan, Nabarnizen eta Sukarrietan bina eta Ereñon, Errigoitin eta Muxikan bana.