EHUk garatutako probak erabiltzeko hitzarmena sinatu dute
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak akordioa lortu dute EHUko zientzialariek garatutako probak erabiltzeko. Elkarregaz, koronabirus kasuak bilatuko dituzte sintomarik gabeko 5.000 pertsonatan.
EHUko zientzialari talde batek koronabirusa atzemateko garatutako probak erabiltzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak. Hori horrela, koronabirusak kutsaturiko eta sintomarik gabeko pertsonak bilatzeko egitasmoaren gaitasuna handitu dute.
5.000 pertsona hautatu dituzte ikerketan parte hartzeko. Infekzioak sorturiko antigorputzak bilatzeko proba azkarra egiteaz gain, EHUk garaturiko testa ere egingo diete, sintomarik ez dituzten pertsonak eta haien bilakaera detektatzeko. “Besteak beste, Ministerioak bultzatutako seroprebalentzia azterlana osatzeko balioko du hitzarmenak. Sintomarik ez duten pertsonen bilaketa egiteko seroprebalentzia azterketarako identifikatutakoei egingo diete proba”, azaldu zuen atzo Murgak. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak handitu egin duela koronabirusa hautemateko duen gaitasuna esan zuen.
Osasun sailburuak gogorarazi zuenez, pandemia kontrolatzeko ahalegin handia egin behar izan dute: pandemiari eusteko eta prebenitzeko neurriak indartzeko, laguntza-neurriak hartzeko, osasun-produktuen ekoizpena handitzeko eta ikerketa sustatzeko. Hala ere, azpimarratu zuenez, diagnostikorako baliabide guztiak edukitzea “beharrezkoa” da, eta testuinguru horretan kokatu zuen EHUgaz sinatutako hitzarmena.
Bi erakundeen arteko lankidetza “estua” dela esan zuen osasun sailburuk, eta EHUko laborategiak Osakidetzaren planaren barruan sartuta daudela nabarmendu: “EHUko laborategiak Osakidetzak pandemiari aurre egiteko garatutako Kontingentzia Planean sartzen dira. Plan horrek beste baliabide garrantzitsu batzuk ere baditu; hala nola, osasun ikerketako institutuak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 16 teknologia-zentro eta ikerketa-zentro kooperatibo”.
Balluerkak, bere aldetik, hitzamenak lankidetza “bizia eta emankorra” formalizatu besterik ez duela egiten esan zuen: “Ikertzaileek erantzun azkarra eman zioten presazko erronka zientifiko bati, eta orain ikusten da erantzuna ere eraginkorra izaten ari dela. Proiektu honetan parte hartzen duten ikertzaile guztiek (UPV/EHU, Ikerbasque, Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Osakidetza) egindako lan handia azpimarratu nahi dut”.