Sindikatuek Salaketa Eguna deitu dute biharko
Euskal gehiengo sindikalak deitu du mobilizazioa. Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, kartela eskuetan hartuta, lantokien aurrean mobilizatzera deitu dituzte langileak.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek osatzen duten euskal gehiengo sindikalak mobilizazioak deitu ditu biharko. Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da bihar, eta langileen osasunaren eta lan baldintzen alde egingo dute, beste behin.
Langileak euren osasuna bermatzeko baliabide nahikorik barik lan egitera “behartzen” dituztela salatu dute, eta kapitalaren interesak lehenesten dituztela esan. Hori horrela, bizitza eta kapitalaren artean aukeratzeko momentua iristean, langileen bizitza lehenetsi behar dela azpimarratu dute: “Osasunik gabe, bizitzeko eskubidea bermatu gabe, ez dago beste ezer. Heriotza dakarren lanak ez du lana izaterik merezi. Are gehiago, soilik osasuna bermatuta duen gizarte batek izango du aukera jarduera ekonomiko arrunta izateko”.
“Azken hilabeteek irakasgai argia utzi digute. Gobernuentzat eta kapitalarentzat gure bizitzak duen balioa agerian geratu da. Beharrezko denean kapitalaren mesedetan gure bizitzak arriskuan jartzeko prest dira, eta gertatzen ari da”, adierazi dute sindikatuek. Hori gertatu zela Zaldibarreko langileekin, edota koronabirusak lanean kutsatu eta hildako langileekin adierazi dute. “Krisi honetan langile guztion osasuna arriskuan jarri dute, funtsezko zerbitzuetan ari diren osasunlangileena, zaintza esparruko langileena, garbitzaileena edota garraiolariena besteak beste. Izan ere, babes-neurririk gabe lan egiteak bizitza arriskuan jartzea dakar”.
Funtsezkoak ez diren sektoreetako langileak ere arriskuan jarri dituztela adierazi dute. “Langileon bizitza kalean erabat kontrolatuta egon da, baina lanean gure bizitza arriskuan zenean ez da ikuskaririk etorri, bakarrik utzi gaituzte eta hala aritu behar izan dugu lana geldiarazten oinarrizko segurtasun neurriak ematen ez zirenean”.
Mobilizazioak lantokietan. Sindikatuok bizitza jarriko dituzte erdigunean, bihar. Salaketa egun “berezia” izango dela diote, COVID-19aren kirisiak eragindako salbuespen egoeragatik. Hala, “Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu” lelopean, oinarrizko zerbitzuetan babes neurri egokirik eta nahikorik gabe lanean ari direnak mobilizatzera deitu dituzte, “euren lan osasunaren kontrako praktikak salatzeko”.
Salaketa Eguneko kartela eskuetan hartuta, lantokien aurrean mobilizatzera deitu dituzte. Elkarretaratzeak, isiluneak edota eserialdiak egiteko gonbida egin diete langileei, betiere “distantzia neurriak ziurtatuz”. Argazkiak ateratzeko ere eskatu dute, eta, gero, #BizitzaDefendatu traola erabilita sare sozialetan zabaltzeko. “Kartelak eskuan, grabatu bideo laburrak lan osasunari buruzko zuen aldarrikapen eta salaketak eginez, eta zabaldu #BizitzaDefendatu traola erabilita”.
Etxean ere, aldarrikapenen alde egiteko deia egin dute, balkoi eta leihoetara xingola beltzak ateratzeko eskatuz: “Zintzilikatu balkoi edo leihotik xingola beltz bat, lanagatik hil edo gaixotu direnekin elkartasuna adierazteko eta egoera hauek salatzeko”.