Astelehenetik aurrera COVID-19aren "benetako dimentsioa" ezagutzeko bi proba jarriko ditu martxan Eusko Jaurlaritzak
Murgaren berbetan, biztanleriaren immunitate maila aztertzeko bi tresna "osagarri eta baliotsu" dira: "Horiei esker pandemiaren benetako dimentsioa maisuki ezagutu ahal izango dugu, eta, ondorioz, osasun publikoko neurriak egokitu ahal izango ditugu".
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, astelehenetik aurrera “gakoak” izango diren bi ikerketa abiatuko ditu, “pandemiaren hedapena eta herritarren immunizazio maila zelakoa den aztertzeko”.
Alde batetik, Espainiako Carlos III Unibertsitateak diseinatutako seroprebalentzia ikerketa jarriko dute martxan, “biztanleen immunizazio maila zehazteko asmoagaz”. Osakidetzak garatuko du, eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 5.000 lagun baino gehiagok parte hartuko dute, borondatez. Proba egiten dieten horiei sei asteko jarraipena egingo diete.
Bestetik, sintomak izan zituztenak eta PCR proba egin ez zitzaizkienak aztertuko ditu osasun sailak. Pandemiaren hasieran asko izan ziren proba egin barik geratu zirenak, eta Eusko Jaurlaritzaren helburua dela koronabirusa izan zuten ala ez baieztatzea esan du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuak. “Gaixotasunak lurraldean izan duen hedapenaren argazki erreala egitea da helburua. Gaixotasuna zenbat pertsonak gainditu duten eta zenbat dauden immunizatuta egiaztatzea bilatzen dugu”.
Hurrengo astean abiaraziko duten lehenengo fasean, 4.147 laguni egingo dizkiete probak. Murgak azaldu duenez, atzo hasi ziren COVID-19 paziente posibleen behaketan borondatez parte hartuko duten pertsonak bilatzen, “astelehenetik aurrera proba dagokion osasun-zentroan egin ahal izateko”.
Murgaren berbetan, biztanleriaren immunitate maila aztertzeko bi tresna “osagarri eta baliotsu” dira proba hauek: “Horiei esker pandemiaren benetako dimentsioa maisuki ezagutu ahal izango dugu, eta, ondorioz, osasun publikoko neurriak egokitu ahal izango ditugu, epidemiari ahalik eta modurik eraginkorrenean eta seguruenan aurre egiteko”.
Gaixorik gabe. Gaurko agerraldian osasun sailburuak azken egunotako joera “positiboa” nabarmendu du, baina oraindik ere “tentuz” jokatu behar dutela adierazi du: “Hildakoen aldagaia izan ezik, beste guztien garapena ona izaten ari da”. Hala, gaur jakinarazi dutenez, badaude COVID-19rik gabeko erietxeak. Besteren artean, Arrasatekoa, Lezakoa eta Zaldibarkoa aitatu ditu. Sendatuen kopurua gorantz doala ere jakinarazi du Murgak, eta azken orduetan 614 gaixok jaso dutela sendagiria adierazi du; gaur emandako datuen arabera, guztira 8.136 dira sendagiria jaso dutenak.
Hala ere, azken orduotan, 392 positibo berri baieztatu dira Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, eta guztira 13.436 pertsona dira kutsatuak. Horietatik, 838 daude ospitaleratuta.
Joan den asteartetik, eguneroko buletinak Osasun Ministerioaren eskakizunen arabera zenbatzen ditu probak. Hori horrela, orain arte 68.325 proba egin dira. Hain zuzen, atzo, 4.339 PCR proba egin ziren eta 3.050 test azkar. Egindako probei dagokien positiboen ehunekoa % 8 da.
Eskualdeari erreparatuz, bi positibo gehiago zenbatu zituzten atzo, bana Busturian eta Morgan. Gaur iragarritako datuen arabera, 258 pertsona dira koronabirus proban positibo eman dutenak Busturialdean. Bermeon 98 kasu positibo zenbatu dituzte, 65 Gernika-Lumon, 37 Mundakan, 32 Busturian, 4 Elantxoben, eta hiruna Foruan, Gautegiz Arteagan, Morgan eta Kortezubin. Kasu bina daude, berriz, Arratzun eta Ibarrangelun, eta kasu bana Sukarrietan, Ereñon, Errigoitin, Mendatan, Muxikan eta Nabarnizen.