Aldundiak laguntzetarako epeak laburtu eta izapideak arinduko dituela esan dute gaur
Urgentziazko prozedura erabilita izapidetuko dituzte COVID-19aren ondorioz Bizkaiko ekonomian eragindako ondorio negatiboak arintzeko diren laguntza, diru-laguntza eta neurri guztiak.
Sektore kaltetuenetan COVID 19-aren eragina murrizteko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiak laguntzetarako epeak laburtu eta izapideak arinduko dituela iragarri dute gaur.
Gaur egungo egoeragatik itxita edo kaltetuta dauden sektoreentzat, pertsona fisiko eta juridikoentzat, eta mikroenpresentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat “mesedegarria” izango dela uste dute: “Indarreko araudian aurreikusitako presako prozedurak aukera ematen du aurretiazko kontsulta publikoaren izapidea eta entzunaldia eta informazio publikoaren izapidea ez egiteko; beraz, izapidetzeko epeak erdira murriztuko dira”.
Hartutako erabaki honegaz, hemendik aurrera presazko prozedura erabilita izapidetuko dituzte COVID-19aren ondorioz gure Bizkaiko ekonomian eragindako ondorio negatiboak arintzeko diren laguntza, diru-laguntza eta neurri guztiak. Zehaztu dutenez, prozedura mota hori jasota dago gaur egungo araudian, eta erabiltzen dute, besteak beste, aurreikusi ezin diren ezohiko egoerak gertatzen direnean. “Presazko prozedura erabilita izapidetuko diren dirulaguntzak eta ekimenak izango dira, bereziki, gaur egungo egoera dela-eta itxita edo kaltetuta dauden sektoreentzat, pertsona fisiko eta juridikoentzat, eta mikroenpresentzat eta enpresa txiki eta ertainentzat. Horrez gainera, bitarteko erakundeentzat ere izan ahal izango dira baldin eta zuzenean eta modu egiaztatuan laguntzen badiete aipatutatako adierazitako sektoreei, mikroenpresei eta enpresa txiki eta ertainei”.