Mandatuak egitera atera ahalko dira 14 urtera arteko umeak
Alarma egoerari buruzko dekretuak ezartzen dituen jardueretan lagundu ahal izango diote harekin bizi diren heldu bati.
Duela bost astetik konfinamenduan daramaten 14 urtera arteko haur eta nerabeek kalera irten ahal izango dute datorren astelehenetik [apirilak 27] aurrera, baina heldu batek lagunduta eta mandatuak egiteko bakarrik. Adingabeen “konfinamendua partzialki arintzea” onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak, baina ez du paseatzeko aukerarik aurreikusten.
“Alarma-egoerari buruzko dekretuak ezartzen dituen jardueretan lagundu ahal izango diote normalean harekin bizi diren heldu bati. Hau da, janari dendetara, farmaziara edo banketxeetara joateko mugimenduak egin ahal izango dituzte “, adierazi du Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministro eta Gobernuko bozeramaileak gaurko Ministro Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.
“Badakigu konfinamenduaren arintze partziala dela, baina koronabirusen aurkako borrokan atzera egitea saihestea da lehentasuna”, azaldu du Monterok. Argitu duenez, neurria “gaixotasunaren fase operatiboa kontuan hartuta” onartu dute, eta adingabeek koronabirusa transmititzeko arriskua “oso txikia” dela gaineratu du. Hala ere, higiene neurriak “zorrotzak” izatea eskatu du, eta irteerak “norberaren eta besteen segurtasuna” bermatuta egitea. “Helduen ardura da kalera ateratzen diren haurren portaera zaintzea”, berretsi du.
14 urtetik gorakoak bakarrik joan ahalko dira mandatuak egitera, nagusi baten laguntzarik ez dutelako behar horretarako.
Nagusiekin gertatzen den modura, maskarak erabiltzea gomendatu arren, ez da derrigorrezkoa izango.