Erkorekak esan du normaltasunera bueltatzeko planean "buru-belarri" lanean ari direla
Nekane Murga Osasun sailburuaren arabera, pandemia "hobekuntza fasean" dago. Gaurko datuen arabera, Busturialdean 253 positibo daude.
Gobernu Kontseiluaren ondorengo agerraldian parte hartu dute gaur Josu Erkoreka bozeramaileak eta Nekane Murga Osasun sailburuak. Erkorekak esan du sail guztiak “buru-belarri” lanean ari direla normaltasunera bueltatzeko planean, “gizartearen ohiturak mailakatuta eta berme osoz berreskuratu ahal izateko”. Horretarako, esan duenez, “ezinbestekoa” izango da hiru baldintza betetzea: urruntze fisikoa, maskaren erabilera eta eskuen garbiketarako eta espazio partekatuen higienerako neurriak.
Jorratzen ari diren plana, hala ere, osasun bilakaeraren baldintzapean dagoela dio Erkorekak, bai eta osasun publikoko agintariek ezartzen dituzten gidalerroen baldintzapean ere. Egunez egun funtsezko kolektiboei eta pertsonei egiten dieten test kopurua goraka doala azaldu du: “Horrek aukera ematen digu kutsatzearen mapa erreala eta kasu positiboen tasaren mapa erreala egin ahal izateko. Gure helburua da hil honetan milioi biztanleko 20.000 test egitea. Egoeraren eta bilakaeraren mapa horri esker udalerriz udalerriko egoera kontrolatu ahal izango dugu eta beragerpenak aztertu ahalko ditugu. Osakidetzak baduela gaitasuna pandemiari aurre egiten jarraitzeko”.
Osasun zentroak berantolatzen ari dira bestelako gaixotasunei ere aurre egiteko. Maskarak ere aipatu ditu Erkorekak; esan duenez gizarte osoak eskuragarri izan ditzan lanean ari dira. Horrekin lotuta, euskal enpresen lana goraipatu du, “gaitasun handia erakutsi dute eta oso azkar”: “Lanean ari dira behar dugun materialaren ekoizpen propioa sortzeko”.
Erkorekaren arabera, astelehenean hasiko da normaltasunera bueltatzeko planaren lehen fasea umeak kalera ateratzeko baimenarekin; “denbora mugatuan eta distantzia fisikoa gordeta”. Neurri horren atzetik “berehalako beste neurri batzuk” hartu beharko liratekeela uste du eta horietan lanean ari dira: “Kirola egiteko baimenak eta denden eta saltoki txikien irekiera mailakatuak aztertzen ari gara, segurtasuneko eta distantzia fisikoko neurri guztiak beteta”.
Bestalde, Erkorekak azpimarratu du hainbat enpresetan lanera itzuli izanak erakutsi duela “lana eta osasuna bateragarriak direla”; une honetan %30ean dago industria eta eraikuntzaren jarduera.
Hezkuntza ere aipatu du, protokolo bat osatu dutela iragarrita. Hori, baina, “eragileekin kontrastatzea” falta zaiela esan du, ikastetxeetara bidali aurretik. Esan duenez, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua asteon bilduko da hezkuntza arloko eragileekin. Protokoloak hiru ardatz ditu: funtsezko edukiak, ebaluatzeko irizpideak eta ikasgeletara itzultzeko agertokiak.
Euskal administrazio publikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako egoitzetan lan presentziala berreskuratzeko kronograma egiten ari direla adierazi du. Egun, 7.200 langiletik 1.200 langile inguru bertaratzen dira lanpostuetara. “Gutxi-gutxika normaltasunera bueltatzen joatea da helburua”.
Azkenik, aisialdiari eta pertsonak pilatzea sortzen duten ekitaldiei buruz ere aritu da: «Horiek izango dira normaltasunera bueltatzeko denbora gehien beharko duten jarduerak, baina lanean ari gara horien egoera ere aztertzeko». Asteon aztertuko dituzte udarako jai eta ekitaldien aurreikuspenak, Foru Aldundiekin eta Eudelekin batera. Iñigo Urkullu lehendakaria bilduko da horiekin.
Datuak
Atzo iragarri zuten eta hala egin dute eguerdiko prentsaurrekoan; PCR eta test azkarren emaitzak bereizita eman dituzte, Osasun Ministerioaren eskaerari erantzunez. Murgak jakinarazi duenez, orain arte, guztira, 59.342 proba egin dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Atzo 1.898 PCR eta 1.541 test azkar egin zituztela iragarri du. Egiten dtituzten 10 probatik 9 negatiboak direla azpimarratu du. Osatzen ari diren edo alta emanda dauden pertsonen kopuruak ere gora egiten jarraitzen duela nabarmendu du Murgak (atzora arte 7.277), eta pandemia “hobekuntza fasean” dagoela ere esan du.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 12.810 positibo daude, eta horietatik 974 herritar daude ospitaleetan ingresatuta. Atzo 22 pertsona hil ziren COVID-19aren ondorioz. Gaur gaurkoz, 1.103 hildako utzi ditu pandemiak.
Gaurko datuen arabera, Busturialdean 253 positibo daude: Bermeon 96, Gernika-Lumon 64, Mundakan 37, Busturian 31, Elantxoben 4, Foruan, Gautegiz Arteagan eta Kortezubin hiruna, Arratzun, Ibarrangelun, Morgan eta Sukarrietan bina eta Ereñon, Errigoitin, Mendatan, Muxikan eta Nabarnizen bana.