Eleizalde Ikastolak datorren ikasturtean izango du autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa
Guztira, 1800 m²ko azalera hartuko du ikastolaren teilatuan.
Hilabetean lortu du Goiener Taldeak instalazio fotovoltaikoa jartzeko behar zuen finantzaketa. Helburua lortzeko, ekarpen leiho berri bat zabaldu zuten, 400.000 euro lortu aldera. NafarKoop-eko bazkideen borondatezko ekarpenei esker lortu dute dirua. Aipatu leihoa bazkideei eta ikastetxeetako energia ereduan aldaketa bultzatu gura duten guztiei zabalik egon da.
Eleizalde Ikastola, hortaz, autosufiziente izateko aukera emango dion energiaren autokontsumo sistematik gertu dago, datorren ikasturterako aurreikusten baitute.
Kooperatiben arteko ekimen honen helburua da energia sortzea modu lokal eta banatuan, eta ardatz nagusia herritarren partaidetza da. Eleizalde Ikastolaz gain, Armentian (Gasteiz), Andra Marin (Etxerri-Aranatz), Argian (Fontellas) eta Laskorainen (Tolosa) ere proiektu berdinaren aldeko apustua egingo dute.
Ekimenak onura bikoitza dauka Eleizalde Ikastolarentzat. Autokontsumoaren bitartez elektrizitate faktura nabarmen murrizteaz gain, programa pedagogikoa garatuko dute ikasleak, familiak eta irakasleak energiaren, iraunkortasunaren eta eraginkortasunaren inguruan hezteko asmoz.
Instalazio guztiak fotovoltaikoak izango direla azaldu dute eta sarera konektatuta egongo dira soberakinei probetxu ateratzeko. Guztira, 1800 m²ko azalera hartuko du ikastolaren teilatuan. Urtean 410 MWh inguru sortuko ditu, gutxi gorabehera, 160 etxek kontsumitzen dutena.