Gaitasun kolektiboak aztertzeko gakoak
‘Gatazkan dauden lurraldeak’ proiektuaren nondik norakoak eta gakoak biltzen dituen liburua argitaratu dute. Liburuan jasotakoa praktikan jarri dute hiru lurraldetan.
Urte luzez burututako proiektuen emaitzak sentsazio “ederrak” sortzen ditu, eta hori da Gernika Gogoratuz eta Gernikatik Mundurak lortu dutena. Elkarrekin bultzatutako Gatazkan dauden lurraldeak nazioarteko lankidetza proiektuak gatazkan dauden hiru herritako tokian tokiko proposamenei buruzko ikerketak egin ditu azken hiru urteetan, eta lanak bere fruituak eman ditu.
Eredu hegemoniko patriarkal neoliberalak eta enpresa transnazionalek toki jakinetan dituzten eraginak ikertzeko, eta horien aurrean emandako erantzun kolektiboa aztertzeko bultzatu zuten proiektua. Eta urte luzez egindako lanak ondorio “bikainak” eman ditu. Izan ere, azaroan aurkeztutako dokumentalez gain, liburu eta hiru kasu praktiko argitaratu dituzte.
Proiektua egiteko nazioarteko ikerketa taldea osatu zuten hiru lurraldetan: Cajamarcan/Toliman (Kolonbia), Cabo Delgadon (Mozambike) eta Urdaibain, eta toki horietako giza garapen iraunkorraren eta tokiko giza garapenaren ikuspegiak aztertu dituzte, gero kasu praktikoak burutzeko.
Horretarako, baina, zenbait gako jarraitu dituzte, eta horiek guztiak liburu batean aurkeztu dituzte: Gatazka egoeran dauden lurraldeak. Bizi-alternatibak eraikitzeko gakoak. Liburuaren helburua da faktore transnazionalek hiru lurraldeetan daukaten eragina aztertzea. Izan ere, lurralde horietan beren etorkizuna autonomiaz erabakitzeko gaitasuna mehatxupean dago kanpo eragileen ondorioz. Horrez gain, lurralde horietan dauden gaitasunak zelan indartu proposatzen du argitalpenak, “alternatiba propioak eraikitzea, hain zuzen”.
Jokin Alberdi proiektuko kideak azaldu duenez, helburu horiek jorratzeko egokitzat jo dituzten planteamendu teorikoak biltzen dira liburuan: “Helburua ez da emaitza unibertsaletara heltzea, testuinguru bakoitzean egindako azterketatik ondorio batzuk ateratzea baizik”. Izan ere, liburua proiektuaren teoria da: “Liburuaren zein proiektuaren helburuak berdinak dira: komunitateetan aurki daitezkeen gaitasunak indartzea. Zertarako? Gure garapen ereduak enpresa handiek zehazten dituztenen aurrean lehenesteko”.
Bigarren fasea onartu dute, eta maiatzean hastea aurreikusi dute
Cabo Delgadon, esaterako, pobrezia oso garatuta dago, eta Alberdik dio bat-batean iritsi direla enpresa handiak. Kolonbian, berriz, mehategi batekoek urrea atera gura dute, eta horien aurka egiteko herria antolatu zela esan du: “Urrezko mehategi bat martxan jarri gura zuten multinazionalek, baina bertako ekologista eta baserritarrak batu, eta herri kontsulta baten bitartez plan hori atzeratzea lortu zuten”.
Urdaibain, beste alde batetik, ez daudela horren enpresa handiak dio, baina bai tokiko garapena kontuan hartzen ez duten kanpoko proiektu handiak: “Ez dira erauzketak egiten ari, baina badaude tokiko giza garapena kontuan hartu barik bultzatu gura dituzten proiektuak, Gaztelugatxeko lugatxeko San Juanen, esate baterako.
Gako “berdintsuak”
Egoera horien aurrean komunitatetik sortutako errealitateak daude, eta horiek ikertzeko gakoak eman dituzte: “Nahiz eta tokian tokiko errealitateak oso ezberdinak izan, komunitateak indartzeko gako berdintsuak daude. Jakin badakigu ez daudela errezeta unibertsalak. Hemen egiten duguna baliteke baliagarria ez izatea Mozambiken, edota alderantziz. Baina garrantzitsuena da testuinguru bakoitzeko ekonomia politikoa aztertzea modu kritikoan. Modu kritiko hori ere desberdina izango da testuinguruaren arabera”. Horrela, liburua kapitulu ezberdinetan banatu dute.
Lurralde desberdinetako egoerak aztertzeko erabilitako kriterioak sei dira: gaitasun kolektiboen ikuspegia, hegoaldeko epistemologiak, feminismoak, gatazkak eta bizitzeko aukerak, botere politikoak eta botere korporatiboak. “Komunitateetan dauden ezagutzak oso garrantzitsuak dira, eta ez dira kontuan hartzen. Feministek gaitasuna dute gizartea eraldatzeko, eta lekua egin diegu liburuan”, dio Alberdik. Gatazkak beti ikuspegi kapitalista batetik aztertzen direla uste du, eta bizi alternatiboen ikuspuntutik begiratzeko gomendatu du. “Herri mailako egoerei aurre egiteko botere ekonomikoak zelan eraiki beharko liratekeen ere proposatzen du liburuak, eta botere korporatiboei aurre egiteko teknika zehatzak ere aztertzen ditu kapitulu horietan”. Aipatu sei ardatzak toki bakoitzean “oso desberdinak” izan arren, gako horietan elementu “komunak” ere badaudela uste du.
Liburua proiektuaren alde teorikoa da; hiru kasu praktikogaz osatu dute teoria
Metodologia hori jarraituz hasi ziren lanean, eta liburuan bildutakoak praktikara eraman dituzte. Kasu praktiko horiek ere argitaratu dituzte. “Liburuak atal teorikoa jasotzen du, eta teoria hori hiru kasu praktikogaz osatu dugu. Kasu praktikoak territoriolab.org webgunean ikusi daitezke”, azaldu du Alberdik.
Urdaibain, Cabo Delgadon eta Cajamarcako kasuak dira. Hala, hiru lurraldeetatik ezagutza zehatzak atera dituzte gizarte mugimendu eta bestelako indarren gaitasun kolektiboei buruz.
Bigarren fasea
Tokian tokiko gaitasunak aztertu zituzten prozesu horren bitartez, eta hainbat ondorio atera zituzten. Orain, lanean jarraitu gura dute.
Horretarako, proiektuaren bigarren faseari eutsi behar diote. “Bigarren fasea onartu dute, eta ahal denean jarriko gara martxan. Izan ere, Urdaibaiko hausnarketa eta porposamenekin jarraitu gura dugu”. Aurrera egin gura dute, eta inguruko eragile desberdin gehiago inplikatu gura dituzte: “Lehenengo faseko eragileekin eta gehiagogaz lan egin gura dugu. Entzuten ez direnen ahotsak ezagutu gura ditugu. Kolektibo desberdinen hausnarketak jaso”. Besteren artean, etorkinei eman gura diete ahotsa. Lehenengo fasean etorkinen elkarteetako ordezkariek parte hartu zuten, baina, orain, etorkinen iritzia jaso gura dute. “Euren ahotsetatik eskualdeak zein erronka edota zein behar dituen jaso gura dugu. Eta zer uste duten egin behar dela hori aldatzeko”. Horiez gain, urrun bizi diren baserritarrekin ere egon gura dute: “Aurreko proposamenetan ez ditugu euren proposamenak batu”.
Hurrengo bi urteetan garatuko dute bigarren fasea, eta beste tailer batzuk burutuko dituzte. Maiatzean biltzea aurreikusi dute, orain artekoak aztertu eta elkarregaz bigarren fasearen nondik norakoak zehazteko. Bigarren fasean, beste bi lurralde gehituko dituzte: Mozanbikeko Maputo hiriburuko kasu azterketa eta Kolonbiako Kaketakoa.