Eusko Jaurlaritzak 100.000 euro esleitu dizkio Gurutze Gorriari, "premia biziko ondasunak hornitzen jarraitzeko"
Guztion Artean sarearen bitartez artatzen diren pertsonei premia biziko ondasunak emango dizkiete.
Eusko Jaurlaritzak 100.000 euro esleitu dizkio Gurutzeko Gorriari, Guztion Artean sarearen bitartez artatzen diren pertsonei premia biziko ondasunak ematen jarraitzeko.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren ustez, interes orokorrekoa da Gurutze Gorriak arlo honetan gauzatzen dituen esku-hartzeak babestea. “Guztion Artean ekimeneko deien zentroan jaso diren babes deiak ikusita, berebiziko garrantzia du beste edozein babes sareren bitartez eskura ezin diren premia biziko elikadura eta higiene ondasunen stocka bermatzea”, diote agintariek.
Hori horrela, Gurutze Gorriak oinarrizko stock bat metatuko du eta premia biziko elikadura eta higiene ondasun horiek helaraziko dizkie beren etxebizitzetan bakarrik edota familiartekoen babesik gabe bizi diren 70 urtetik gorakoei eta menpekotasunen bat dutene pertsonei; baita gizarte egoera ahulenean dauden guztiei ere.
Ondorioz, larrialdi egoerari aurre egiteko interes publiko eta sozial bat dagoela adierazi dute.
Guztion Artean. Behar egoera larrienetan dauden taldeak laguntzeko asmoagaz eta laguntza behar duten pertsona horien gizarte estaldura bermatzeko helburuagaz martxan jarritako ekimena da Guztion Artean. “Covid-19aren pandemiaren ondorioz, gizarte-egoera ahulenean dauden pertsona askok beren osasuna eta ongizatea arriskuan jarriko lukete erosketak edo mandatuak egitera aterako balira. Eta, ondorioz, ez dute aukerarik premia biziko sendagaiak, jakiak edo higiene-ondasunak eskuratzeko kanpoko laguntzarekin ez bada”. Hala, behar horiek asetzeko jarri zuten martxan proiektua.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako jarraibideei jarraiki diseinatu da, eta erantzun egoki bat ziurtatu ahal izateko beharrezkoak diren zenbait irizpide jaso ditu. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Gurutze Gorriak funtsezko parte hartzea du ekimenean, “babesa edo laguntza behar duten pertsonak artatzen dituzten boluntarioen jarduna koordinatzen laguntzen baitu”.